Herrerako jaiak indartsu datoz
Doctor Deseoren kontzertua izango dute ostiral gauean.
Gaurtik igandera izango dituzte jaietako egun indartsuak Herreran. Kirol jarduerekin ekin zieten jaiei, joan den asteburuan, eta, orain, berriz, parrandarako prestatu dira. «Gure asteburu indartsua bigarrena izaten da», dio jai batzordeko Ane Lazkanok. Horrela bada, gaur bertan, osteguna, botako dute txupina, 19:00etan, eta txupin berezia izango dute… elegantea! «Alfonbra gorria zabalduko dugu plazan eta photocall-a egingo dugu», gehitu du Lazkanok. Txupinaren ostean, pintxo poteari ekingo diote, eta sekula baino dotoreago ibiliko dira auzotarrak.
Herrerako jaietako pizgarri nagusia kontzertuak izaten ari dira azken urteetan, auzotik kanpokoak erakartzeko. Izan ere, apustu garrantzitsua egiten dute musika talde ezagunak ekartzeko. Doctor Deseo izango dute auzoan zuzenean, ostiralean, 22:00etan, Patxuko Nice eta Bad Sound Systemekin batera.