Kristautasunaren bidetik iritsi da gizartera bereziki ohitura, baina mundu paganoan du jatorria San Joan gauaren ospakizunak; sinesmen asko mantentzen dira oraindik, eta donostiarrek bat egingo dute jaiarekin.
Aitzpea Leizaola, antropologoa.

(Argazkia: Estitxu Zabala)
Datorren ostegunean hiriko auzo gehienetan piztuko dira San Joan suak, baina, badakite herritarrek ohitura hori nondik datorren? Kontuak argitzeko hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk EHUko antropologiako irakasle Aitzpea Leizaolarekin (Gros, 1971).
Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Donostiarra naiz, Grosekoa, eta Intxaurrondon bizi naiz egun. Gaztetatik nuen antropologia ikasteko gogoa, eta Parisera joan nintzen ikasketak egitera, hala, ikasketa guztiak atzerrian egin ditut. Orain, EHUko irakaslea naiz azken hamabost urtetan. Antropologia sinbolikoa, euskal kultur eta ikerkuntza metodoak irakasten ditut.
Nondik dator San Joan gauaren ospakizuna?
Mendebaldeko kulturan badugu halako obsesioa jatorriarekin, ia edozein gairekin. San Joan ospakizunaren bueltan bi iturri bereizi daude, nahiko nabarmenak. Batetik, mundu paganoari lotutakoak, eta bestetik, kristautasunak aipatzen duena, izan ere, lehenagotik baziren erreferente sinesmen garrantzitsuak eta balioak bere egin ditu. Guri San Joan Batailatzailearen erreferentziaren bidez iristen zaigu, baina kontuan izan behar da nabarmentzen dena solstizioa dela.
Bi solstizio daude urtean, udarakoa eta negukoa, eta mugarriak izan dira denbora neurtzeko garaian. Laur urtaro izatearen auzia nahiko berria da, antzin aroan bi zeuden, eta horietako bat uda zen, gainontzekoekin eztabaida dago. Solstizioak eguna eta gauaren bereizketa markatzen du; orain, egunak luzatzen ari diren garaian gaude, eta San Joan eguna da urteko egunik luzeena, beraz, gaurik laburrena. Horren kontrapuntua da neguko solstizioa. Bietan Euskal Herrian topatzen dugu suaren erreferentziaren bat, eta askoz ere nabarmenago mantendu da San Joan gauaren bueltan. Su horiek pizten dira ilunabarrean, gau beltza iritsi baino lehen. Hortaz, suak hartzen du nolabaiteko protagonismoa. Gaur egungo gure gizartearen antolaketa suaen bueltan dago, hotzetik babesteko, bero jateko, burniaren lanketa… Beraz, suaren gurtza ere ageri da aditu batzuen arabera, kristautasunaren aurretik.
Donostian auzo bakoitzak bere sua izango du. Zerbait adierazten du horrek?
Lurralde markagailuaren balioa du suak. Gogoan dut txikitan inoiz joan ginela Zubietara, eta haruntzako bidean ikusten genuen baserri bakoitzaren atarian sua piztuta. Egun, landa eremuan ere mantentzen da ohitura hori, baina badago kontzentraziorako joera, hiriguneetan. Donostian ere antzeko zerbait gertatzen dela esango nuke. Gaur egun, udalak suak pizteko ordutegi bat finkatzen du, eta sutara ezin da edozer gauza bota.
Gogoan dut 1970. hamarkadan hainbat su piztutzen zituztela Grosen, Manteokoak eta Saguesekoak ziren batzuk. Su horiek batzuetan gazte kuadrillek, edo auzo eta jai batzordeek antolatzen zituzten;?eta bazegoen halako lehia bat, ‘gure sua besteena baino handiagoa da…’. Orain hori ikaragarri arautu dute, hiria asko aldatu delako, eta segurtasun kontuengatik. Oraindik ere badago auzoen arteko lehia bat, ea zein auzotakoa den surik onena. Auzoaren mugak, identitatea, zeinek osatzen duen eta noraino iristen den…
Zein ohitura mantentzen dira hirian?
Badago batez ere Bageraren eskutik Antiguan, baina baita beste auzo batzuetan ere, halako ohitura zaharren berreskuratzea. Batetik, lore sorten bilduma, hor suaren beste balio bat agertzen zaigu, purifikazioarena; nolabait ere urte guztian gordetzen dira etxean aurreko urteko lore sortak eta hurrengo urteko sutara botatzen da, urte guztiko gaitzak horrela desagertuko balira bezala. Antzeko zerbait egiten dute orain ikasleek euren apunteekin. Orain batzuek euren desioak ere botatzen dituzte. Badago nolabaiteko osagai magikoa suaren bueltan. Alde errituala ere badago, Lizarraren gurtza, dantzak… Atzerritarren eragina ere nabari da, hondartzan sortzen diren su horietan, Europa iparraldetik eta Katalunia aldetik datoz ohitura horiek.
Duela urte batzuk berreskuratu zuten Konstituzio plazan agintarien dantza…
Horrek dantza aisialdi publikora ekartzen du. Egun gehien dantzatzen den lekua taberna zuloa da, baina tradizioz kalean gertatu izan da, eta aisialdiaz gain karga politikoa izan du. Tradizioa eta lekua galdu duen dantzaren lekua berreskuratzen ditu.Dantzan aritzea da zure burua goitik behera jendaurrean agertzea; agerian zaude eta jendeak epaitu egiten zaitu. Ez da gauza inuzente bat eta neurtu egiten da agintariaren gaitasuna.
Auzoetan elkartzeko aitzakia bat ere bada, ezta?
Auzo bat noraino iristen den nahiko argi dagoen honetan, auzoko festen barnean erreferente bat bihurtu da. Hau da, ‘ni nire auzoko suan geratuko naiz, edo momenturen batean ikusi behar dut beste batera joan aurretik’.
Gau berezia izaten da zuretzat?
Bai, bada. Sua pizten ikusteko beharra izaten dut, eta halako zirrara berezia pizten didan festa da. Balantze bat egiteko aukera ematen du, urte batetik bestera, zein aldaketa egon diren… ohitura bezala, suaren gainetik salto egitea gogoko dut. Grosen egongo naiz, eta agian Intxaurrondotik ere buelta bat egingo dut. Giro polita sortzen da, eta ez da aurrekontu handiko festa bat.