Verdini dantza taldeak etzi eskainiko du bere saioa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
DSS2016k urritasunak dituzten pertsonekin lan egiten duten hainbat elkarte batu ditu
Break a Leg! jaialdiaren bidez. Urritasunen bat duten pertsonen ikusgarritasuna, inklusioa eta parte-hartze aktiboa sustatu nahi dituzte horrela, kultur bizitzan.
Erakusketa bat prestatu dute hamasei sortzaileren lanekin, eta guztiak ikusgai daude egunotan DSS2016ren egoitzan.
Bestalde, hainbat emanaldi ere eskainiko dituzte asteburuan. Bihar, esaterako,
Oroimenak antzerki taldearen lana ezagutzeko aukera eskainiko dute. Taldekide gehienak itsuak dira, edo ikusmen arazo larriak dituzte. Ordubeteko entsegu irekia egingo dute bihar 12:30ean, Tabakaleran. Gerturatzen direnek nola lan egiten duten ikasteko aukera izango dute honela. Arratsaldean, egun esku artean duten
La Soirée antzezlanaren zati bat eskainiko dute, 17:30ean.
DSS2016ren egoitzan, berriz,
Manos K Rien taldearen emanaldia eskainiko dute bihar, 19:30ean. Talde honetako kideak gorrak dira, eta gorrak zein entzuleak lan artistikoen bitartez lotzea izan ohi da euren erronka. Eta horretan saiatuko dira bihar ere.
Kasu honetan,
Esku madarikatauak, zeinu-hizkuntzako abesti bat;
Oroitzapenak, poesia emanaldia;
Sudurrak, mimo pieza bat; eta
Bideodeia, antzezlana eskainiko dituzte.
Jarraian, eta leku berean,
Motxila21 talde nafarrak kontzertu bat eskainiko du, 22:00etan.
Motxila21 Down sindromea duten 12 gaztek eta 9 boluntariok osatzen dute taldea, musika maitatzetik eta nork bere burua gainditzeko esfortzutik sortua.
Etzi, berriz,
Kolorearekin arte inklusiboko plataformako kideen txanda izango da. Urritasunen bat duten eta ez duten pertsonak biltzen ditu talde honek, eta euren dantzarako trebetasuna erakutsiko dute, Easo kaleko egoitzan, 12:00etan.
Eta azkenik, dantza garaikideetarako trebetasuna erakutsiko dute
Verdini dantza talde donostiarreko neska-mutilek ere. Down sindromea dute hauek ere, baina gorputzaren mugimenduetan bilatu dute gizarteratzeko bidea.