Joserra Mendizabal aurkeztu du Donostiarrak, lehen taldeko entrenatzaile gisa; Xabier Zabalak bere ondoan jarraitzea nahi du.
Joserra Mendizabal entrenatzailea eta Alberto Lopez presidentea, prentsaurrekoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
“Nire egungo egoera hitz batean definitzekotan, ilusioa aipatuko nuke; argi daukat beste edozein klubetatik deitu izan balidate, ezetz esango nukela. Xabierri zorte ona falta izan zaio, eta espero dut nik edukitzea” aipatu du Joserra Mendizabal
Mendi-k gaurko agerraldian. Izan ere,
Donostiarra arraun elkarteak lehen taldeko entrenatzaile gisa aurkeztu du gaur Mendi, Xabier Zabala postutik kentzea erabaki ostean. Orain, Zabalaren eskuetan utzi dute klubean jarraitzea edo ez, baina Alberto Lopez presidenteak eta Mendik berak argi utzi dute beraiekin nahi dutela. “Egitura teknikoan erantzukizun handiko postu batean geratzeko eskaintza egin dio klubak Xabierri, klubaren konfiantzazko pertsona delako eta profesionaltasun eta ardura bikainez jardun duelako beti”.
Hala,
Zabalarentzat hitz onak baino ez ditu izan Lopezek: “Xabierri klubaren eskerrik beroena eman nahi diogu, eta errespeturik handiena zor diogu. Pertsona nabarmena da hiriko arraunean: Ur-Kirolakeko harrobikoa, Donostiarran egin zituen arraunlari gisa bere azken bi urteak, eta, jarraian, bertako entrenatzailea izan da, hiru denboraldiz”. Gogoratu du Zabalaren gidaritzapean lortu dituela Donostiarrak bere historiako lehen hiru banderak, hala ere, zuzendaritzak aldaketak egitea erabaki duela, aurredenboraldiko emaitzak kontuan izanda.
Mendik ibilbide luzea du arraunean: jatorria Arraun Lagunaken izanik, Zarautzen lortu zituen entrenatzaile gisa bere lorpenik garrantzitsuenak, eta, jaioterrira itzulita, lau urtez izan zen Donostiarrako entrenatzailea. “Nire bigarren etapa izango da Donostiarran, eta sartzeko modua onena izan ez den arren, gutxienez ilusioz betea nago. Bi arrazoiek bultzatu naute bereziki erabakia hartzera, aurreko aldian geratu zitzaidan zapore garratza, eta Josetxo Vaquerizari zor diodana”. Hiru arlotan eragin nahi du Mendik: arlo psikologikoan, teknikoan, eta traineruaren egokitzapenetan.
Bihar izango dute KAE-1 ligako lehen estropada Donostiarrak. Bilbon, 17:00etan.
2017an, emakumeak uretera
Aurkezpenean aipatu dute, kirol egitura berria lantzen ari dela elkartea. Hala, Zabalari proposatu diote kirol-zuzendaritza profesional berria eratzeko. Zuzendaritza horren ardura litzateke gizonezkoen lehen eta bigarren trainerua bideratzea, 2017rako emakumezkoen traineru bateratua osatzea eta uretaratzea, eta harrobiko elkarte eta arraunlariekin harremana sendotzea.