Gida beganoa atera dute Askekintzako kideek eta bertan hiriko jatetxe eta tabernetako aukera beganoak jaso dituzte.
Gida beganoa aurkeztu dute. (Argazkia: Malen Aldalur)
Hogeita zazpi establezimenduk osatzen dute Donostiako gida beganoa: jatetxe eta taberna beganoak, jatetxe begetarianoak, %100 aukera begetalak dituztenak eta izozki begetalak dituztenak daude bertan. Nekane Juanes Askekintza Animalistako kideak eman dizkigu xehetasun gehiago.
Nondik dator gida beganoa egitearen ideia?
Bizitza animalien erabilerarik gabe ulertzen dugu. Ez ditugu animaliak erabiltzen jateko eta janzteko; injustua dela iruditzen zaigu, geu bezalakoak direlako. Ohartu ginen Donostian bazegoela nahikoa aukera eskaintza %100 begetala zuena, eta beste taberna eta jatetxe batzuk ere horretara animatu nahi genituen. Lehengo urteko udazkenean txosten bat banatu genuen alde zaharrean errezeta begano pila bat biltzen zituena.
Zein helburu ditu gidak?
Beganismoa ikusaraztea eta jende beganoari erraztasunak ematea dira helburu nagusiak. Gainera, jendea konturatzea nahi dugu animaliarik jan beharrik gabe aukera asko dagoela, denetarik jaten dugula eta osasuntsu gaudela. Gidaren lehen urtea da aurtengoa eta hurrengorako jatetxe eta taberna gehiago animatzea ere gustatuko litzaiguke.
Zein zailtasun ditu beganoa izateak?
Guk Donostian kontrolatzen dugu non jan dezakegun eta non ez, baina agian beste batzuk ez. Etxean erreza da jateko %100 begetala egitea, baina kalera irtetean aukerak gutxitzen dira. Horregatik animatzen ditugu esaterako nonbaitera joan aurretik deitzera, adibidez: “igandean bazkaltzera noa zuen jatetxera eta janari beganoa prestatzerik bai?”. Baina era berean, aukera duinak ere aldarrikatu nahi ditugu, maiz, entsalada triste bat bakarrik ematen digute aurkeratzeko.
Non eskuratu daiteke gida?
Gidan azaltzen diren tabernetan egongo dira eskuragarri, baita Askekintzako
Facebook orrialdean ere. Ingelesez eta frantsesez ere atera ditugu, eta horiek hizkuntza eskoletan, kanpoko jendea egoten den tokietan eta kulturguneetan ere egongo dira eskuragarri.
Gidan agertzen diren jatetxe eta tabernak:
Jatetxe beganoak: Landare eta Grean break take away.
Jatetxe begetarianoak: Garraxi eta KM-0.
Aukera %1100 begetalak dituzten jatetxeak: Kaxilda, Caravanserai café, U27, Bolywood indian restaurant, Kaskazuri, Maiatza, Via Fora, La Guinda, Tedone eta Artatxiki makrobiotika elkartea.
Aukera %100 begetalak dituzten tabernak: Platero, Drp, Giroki, Rekalde, Beti Boga, Zinema Corner, Zumardi, Bizar Gorri eta Belgrado denetatik un poco.
Izozki %100 begetalak: Veneciana, papperino, piccola venezia eta Los Italianos.