Iñigo Garvi arkitekto eta diseinatzaileak proposatutako diseinuak irabazi du '2016 Puntada' lehiaketa.
Iñigo Garvik diseinatu du lehiaketako zapi irabazlea.
Iñigo Garvi arkitekto eta diseinatzaileak diseinatu duen zapia banatuko dute Donostiiako
Aste Nagusian, 10.000 zapi baino gehiago. Udalaren Donostia Moda Klusterrak antolaturiko ‘2016 Puntada’ lehiaketa irabazi du Garvik, eta berak egin duen diseinua daramaten zapiak banatuko dira herritarren artean, hiriko saltokien bitartez. Lehiaketaren irabazleak 1.000 euroko saria jaso du.
Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Ernesto Gasco izan da zapi irabazlea hautatzeko epaimahaiko lehendakaria: “Zapi honek lehen unetik konbentzitu gaitu, diseinu oso donostiarra izateagatik. Espero dut azkenean jaietako gure zapia izatea”, adierazi du. Zapi irabazleak zirriborroarekin lehiaketan parte hartu zuten beste 10 finalista izan zituen aurrez aurre.
Pasa den martxoan aurkeztu zen ‘2016 puntada’ lehiaketa; hain zuzen ere, 2016ko Aste Nagusiko zapiaren diseinu berria egiteko eta sortzeko bertako diseinatzaileek beren sormen guztia garatu ahal izateko ekintza. Lehiaketa Donostia Moda Klusterraren bidez antolatzeko arrazoia Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Ernesto Gascoren hitzetan ondorengoa izan zen: “Klusterraren sormena eta hirian diseinuaren eta sormenaren aldetik dugun talentuaren emari garrantzitsua aprobetxatu nahi dugu Aste Nagusia bezalako gertaera garrantzitsurako. Hurbiltze eta saiakera asko izan ditugu, baina leku askotan jaiak identifikatzen dituen jai-elementu hori ez dugu topatu; hots, zapia”.