Erraldoi eta Buruhandien udal konpartsak buruhandi bat gehiago izango du
Urketari bat irudikatuko du buruhandi berriak, eta gainerako buruhandien janzkera ere berritu dute.
Erraldoi eta Buruhandien konpartsak buruhandi berri bat eta gainerakoentzako arropa berriak aurkeztu ditu asteazken goizean Zuloaga plazan.
“Gainditu gabeko irakasgaia” zela esan du Alfonso Gurpegi Festa Jardueretako zinegotziak: “Hiriko festa guztiak irudikatuta daude konpartsan, bikote baten bidez. Danborradaren kasuan, berriz, urketaria falta zen, sukaldariarekin batera joateko”.
Arropak berritzeaz gain, buruak pintatu dizkietela azaldu du Gurpegik.
Elkartasun ekintza
Urtero bezala aurten ere hiriko kaleetan konpartsa ateratzeaz arduratzen den Itzurun elkarteak urteko elkartasun ekintza egingo du, ekimen erraldoia deiturikoa. 1.500 kamiseta jarriko ditu salgai. Salmentetatik ateratzen den dirua Dravet Sindromearen fundaziora joango da.

