Jorge Aldekoa ertzainak torturaren inguruko jardunaldi batzuetan parte hartu izana salatu dute, Ibaetako kanpuseko Carlos Santamaria eraikinaren aurrean.
Carlos Santamaria eraikinaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Torturen inguruko jardunaldi batzuen harira, Iñigo Cabacasen aldeko kontzentrazioa egin dute gaur EHUko Carlos Santamaria eraikinaren aurrean, Ibaetako kanpusean. Izan ere, bertan, neurri prebentiboen aditu bezala, Jorge Aldekoa ertzainak hitz egin du, “Bilboko Ertzaintzaren burua Iñigo Cabacasen operatiboan”. “Jorge Aldekoa hemen gaur izatea iraingarria da; Iñigoren erailketaren ardura izan zuen”, nabarmendu du Cabacasen lehengusu Oier Amorrortuk.
Bestalde, Iñigo Gogoan Herri Ekimenak salatu du, lau urteren ostean, ez dutela auziaren arduradunik epaitu, eta Iñigo erail zuteneko eredu polizial bera dagoela indarrean. Amorrortuk azaldu duenez, “Iñigo Cabacasen auzia artxibatzeko arriskuan dago. Abenduan familiak aurkeztutako helegiteei erantzun bat emango zaie, baina beldur gara artxibatuko duten; eta ez dugu hori onartuko. Hainbat lekuko egon ziren Iñigoren kasuan, eta zantzuak ikusten ditugu, baina ertzain bat berak ere ez du kasua argitzen lagundu”.