Jazzaldiak 132 emanaldi eskainiko ditu uztailaren 20tik 25era
Ellis Marsalisek jasoko du Donostia Jazzaldia Saria.
Jazzaldia ate joka dago jada, uztailaren 20tik 25era izango baita. Dagoeneko Donostiako udako klasiko bat bihurt da jazz musikaren jaialdia, 51. ekitaldia izango baita aurtengoa. Jazzaldiaren aurkezpen ofiziala egin dute, eta Donostiako Jazzaldia Saria Ellis Marsalis pianistarentzat izango dela jakinarazi dute bertan. Inoiz baino musika gehiago izango du aurtengo jazzaldiak, izan ere, 132 emanaldi eskainiko ditu, eta horietatik 84 doakoak izango dira. Guztira, 20 agertokitan banatuko dituzte kontzertuak, eta 455 musikari arituko dira zuzenean.
Ospe handiko izarrak bilduko ditu Jazzaldiak: Diana
Krall, Gloria Gaynor, Jan Garbarek, John Scofield, Brad Mehldau, Ellis Marsalis, Branford Marsalis Kurt Elling-ekin, Snarky Puppy, Ibrahim Maalouf, Jack DeJohnette,
Dave Douglas, Steve Coleman eta beste asko. Egitarau osoa ikus daiteke jaialdiaren webgunean.
Sarreren salmenta erritmo onean doala diote. Agortuta daude jada Josemi Carmonak
eta Javier Colinak, San Telmon, uztailaren 25ean emango duten kontzerturako sarrerak eta Kursaal Auditorioko abonuak ere. Jazzaldiaren webgunean daude sarrerak eskuratzeko bideak zehaztuta.
Jazzinema
Euskadiko Filmategiak, Jazzaldiarekin eta Zinemaldiarekin elkarlanean, jazzarekin lotura duten filmeen zikloa antolatu du: Jazzinema. Bi estreinaldi izango ditu Jazzinemak: Born to be blue (Robert Budreau, 2015) eta Miles ahead (Don Cheadle, 2015). Emanaldiak uztaileko ostegunetan izango dira, 19:00etan, Tabakalerako zinema aretoan. Sarrerek 3’50 euroko prezioa izango dute.