Intxaurrondoko eremu honetan 28 etxebizitza egingo dituzte. (Argazkia: Lide Ferreira)
Intxaurrondoko Mons eta Zubiaurre pasealekuen arteko irisgarritasuna eta lotura erraztuko duela argudiatuz,
Lourdes Eneako hirigintza planari behin betiko onarpena eman dio Udalbatzak.
Oposizioak hainbat zuzenketa aurkeztu ditu; ingurua babestearen ingurukoak, horietako gehienak. Intxaurrondoko zenbait auzotar ere helburu horrekin aritu da azken hilabeteotan lanean. Ez daude hirigintza proiektuaren guztiz aurka, baina bertako berdegunea babestu nahi izan dute, eta sinadura bilketa bat ere jarri zuten abian,
Lourdes Eneako zuhaitzak botatzen hasi zirenean.
Bota dituzten zuhaitzek sortu dute kezka handiena oposizioko alderdien arten ere. Irabazi Donostia taldeko Loïc Alejandrok gogoratu du, Lourdes Eneako Plan Orokorrak “ahal den neurrian bertako landaretza mantentzeko” aholkatzen zuela: “Horren ordez,
zuhaitz guztiak bota dituzte, eta ez dugu ulertzen zergatik egin duten hori“, salatu du Alejandrok.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak adierazi du, batetik, eremuaren jabetza pribatua dela, eta jabeak bertako zuhaitzak botatzeko “eskubide osoa” duela. Gainera, botatako zuhaitzak ez zeudela babestuta nabarmendu du: “Zuhaitz arruntak ziren, eta
beharrezkoa zen botatzea, bestela aurreikusitako eraikin berria egiteko leku nahikorik ez zegoen lursailean”, esan du Ramosek.
Dena dela, Parke eta Lorategi saileko teknikariek txosten bat prestatu aurretik zuhaitz guztiak bota izana salatu dute Irabazi Donostiak eta EH Bilduk.
Makina, Lourdes Eneako zuhaitzak botatzen. (Argazkia: IZBE)
28 etxebizitza berri
Lourdes Enean
28 etxebizitza berri egingo dituzte; horietatik 7 babes ofizialekoak. Lurrazaleko bost aparkaleku ere bai, eta 70 metro koadroko lokal bat sortuko dute, erabilera publikorako.
Intxaurrondoko orografia “oso konplikatua” dela nabarmedu du Martin Ibabe zinegotzi jeltzaleak. Eraberritu nahi den eremu inguruan Añarbe eta Monseko ur-biltegiak eta auzoko kiroldegia daudela esan du, eta horrek asko zailtzen duela hirigintza plana.
Ramosen ustez, berriz, proiektu honek onura gehiago ekarriko ditu kalteak baino: “Baliteke guztien gustukoa ez izatea, baina auzotarren eskari guztiak kontuan hartzen saiatu gara. Proiektu egokia da, asko hobetuko duelako ingurua, eta baita auzoko irisgarritasuna ere”.
Irabazi Donostiaren ustez, 28 familia berri joango dira Lourdes Eneara, eta bost aparkaleku berri ez dira nahikoak, “dagoeneko badituzten aparkatze arazoak kontuan izanik”. Honen harira, Hirigintza zinegotziak azaldu du
Manueltxoenea eremuko jabearekin akordio bat lortu nahian ari direla, aparkatzeko leku gehiago sortu ahal izateko bertan.
Azkenik eraikin berria eta mendi magalaren artean egingo duten hormaren altuera jaistea ere adostu dute udalbatzarrean, “eragin bisuala ahalik eta txikiena” izan dadin. EH Bilduk gutxienez 30 zentimetro jaistea eskatu du zuzenketa bidez, eta udal gobernuak 35 zentimetro jaistea onartu du. Hala,
mailarik altuenean ere hormak lau metro baino gutxiago izango ditu. Garajeak egingo dituzte eremu 300 metro koadroko eremu honetan, eta horma alderik aldekoa izango denez, “itxura erakargarria” ematea adostu dute.