Udal ordezkari eta teknikariek bilera egin zuten asteazkenean añorgatarrekin. Harrobiko proiektuak ez du atzera bueltarik, baina Belartza 2 proiektuak, bai

Belartza 2 industriagunea. (Argazkia: Naturzale)
Añorgako bizilagunek ez dute industriagunea zabaltzerik nahi, ez dute Belartza 2 garatzerik, eta ez dute
atsedenik hartuko proiektua geldiarazi arte.
Argudio argiak dituzte horretarako. Auzotarren ustez, industriagunea zabaldu nahi duten eremuak balio natural handiak ditu: babestutako landareak, Unanue gune naturala, eta hainbat animalia espezie. Añorgako berdegune honek Donostiako periferia berdea osatzen du, Ibaeta, Aiete, Igeldo eta Usurbilekin batera, eta ez luke zentzurik 209.000 metro koadro industrializatu nahi izatea.
Ez dute horretarako beharrik ikusten. Bi kilometro eta erdira, Zubietan ari dira Eskuzaitzeta egokitzen; Gipuzkoako industriagunerik handiena izango dena.
Argudioak mahai gainean
Argudio hauek guztiak mahai gainean jarri zituzten herenegun Añorgakoek. Bilera egin zuten udal ordezkari eta teknikariekin, eta batzuen zein besteen argudioak jarri zituzten ezbaian.
100 bizilagun inguru elkartu ziren herenegungo bileran, eta horrek argi erakusten du euren konpromisoa, eta proiektuaren nondik norakoetan parte hartzeko borondatea.
Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak berak onartu zuen añorgatarren artean, harrituta dagoela duela zazpi urte onartutako proiektu batek orain sortu duen zalaparta. Dena dela,
herritarren mugimenduak proiektuaren gainean pentsarazi dio udal gobernuari. Berriro mahai gainean dute gaia, eta ez dakite nola kudeatu: proiektua aldatu, egokitu, edo bertan behera utzi.
Añorgakoek argi dute euren ingurumen argudioek udalaren argudio teknikoak hankaz gora jartzen dituztela.
Horretarako behar errealik ez dagoenez,
Belartza 2 egitea edo ez egitea, erabaki politikoa dela uste dute. Beraz, udal gobernuak arduraz jokatzea espero dute