San Telmo Museoko dorrean aparkatu dute 1928. urtean egindako Donosti autoa. Ale bakarra da, autogintza erakartzeko sortu zutena hirian. Urte luzez gordeta egon ondoren, guztien bistara jarri dute orain.

San Telmo Museoko dorrean dago Donosti autoa, 1928. urtean sortua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Herritarren bizimodua nabarmen aldatu zuten motordun ibilgailuek, hori ez dago zalantzan jartzerik. 1705ean sortu zuten lurrin makina, XX mendearekin batera heldu zen automobila. Orain mutur batetik bestera igaro gara, ordea, eta autorik gabeko hiriguneak aldarrikatu ohi dira gero eta gehiago.
Baina, garai batean, gustura ikusiko zuten, inondik ere, Donosti autoa Donostiako kaleetan barrena. Donosti, horixe da 1928. urtean hirian sortu zuten autoaren izena.
1901ean 47 auto matrikulatu ziren Espainian; horietatik
36 Donostian, luxu hori ordain zezaketen maila altuko pertsonen udaleku baitzen hiria.
20. hamarkadan autogintzak gorakada nabarmena izan zuen, eta testuinguru horretan sortu zuten Donosti autoa ere.
Ale bakarra da, ez dago munduan beste bat horrelakorik. Agustin Mañero eta Gregorio Mendiburu donostiarren Garaje Internacional tailerrean sortu zuten, piezaz pieza.
1928ko uztailaren 25ean aurkeztu zuten lehen aldiz, Espainiako Sari Nagusian. Bataz beste 114 kilometro orduko abiadura hartu zuen Lasarteko zirkuituan, ikusleen harridurarako.
Harrotasunez erakutsi zuten hiriko kaleetan barrena ere, baina 1936ko gerran konfiskatu ez zezaten, berriro desmuntatu, eta tailerreko sotoan gorde zuten urak baretu bitartean.
Halaxe eduki zuten, 70. hamarkadan industria gizon aberats batek Madril-Benidorm lasterketan parte hartzeko erosi zuen arte. Lasterketan motorra hondatu zitzaion, ordea, eta ordutik eskuz esku ibili da autoa, panpin baten gisan.
Bildumagile gipuzkoar baten eskuetara heldu zenean berreskuratu zuen Donostik balioa.
Jatorrizko karrozeria eta piezak berreskuratzen lan handia egin ondoren, berezko itxura lortu zuen autoak. Motorra, berriz, Ingalaterran konpondu zioten.
90 eta 100 zaldi arteko potentzia du auto zaharrak, eta
130 kilometro orduko abiadurara hel daiteke. Kalitatezko auto gisa sortu zuten, eta garai hartako marka ezagunenen pareko ibilgailu gisa aurkeztu zuten merkatuan. Ez zuen Delage, Hotckiss edo Mercedes marketako ibilgailuen pare merkaturatzeko inbidiarik.
Orain, museoko pieza bilakatu da, motorzaleen gozagarri. San Telmo Museoko dorrean egongo da ikusgai, urtarrila arte.