Aisirako gune berri bat du Herrerak
Metroaren lanen ondorioz, Herrerako sarrera-irteerak aldatu egin dira. Autobideko irteera bat ezeztatua geratu zen Herrerako biribilgune berria egitean. Baliogabetua geratu zen espazio horixe da udalak berreskuratu eta egokitu duena.
Aurreko legealdian abian jarritako proiektu bat da, baina gaur zabaldu dute. Arrobitxulo parkearen ondoan, autobideko pasabidearen azpian kirol gune berri bat eta aparkaleku bat egokitu dituzte.
Batetik, 20 metro luze eta 10 metro zabal dituen saskibaloi kantxa bat egin dute. Beste eremu txikiago bat ere prestatu dute, aurrerago bestelako kirol erabilera bat eman ahal izateko.
Bestalde, 55 ibilgailurentzako lekua duen aparkaleku bat ere egokitu dute, eta baita motorrentzako gune bat ere.
Enrique Ramos, Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, auzotarrek hala eskatuta, Arrobitxulo parkera doan pasabidetik eskailera batzuk egin dituzte kirol pista berriraino. Hala, oinezkoek ez dute bira guztia eman beharrik izango.
Jose Elosegi Alkatea kalearekin ere badu lotura gune berriak, eta Peruene Berri eremua, Helduen Eskola ingurua, ere egokituko dute, sarrera berri bat eginez.
Gustura agertu da hirigintza zinegotzia lanak uda hasierarako amaitzeko moduan izan direlako. Baina bestela ere, “auzoak gune egoki bat” irabazi duela nabarmendu du.