Zarauzko Tik Tara taldea
Gaurtik igandera arte, musika izango da nagusi Trinitate plazan. Baina baita azoka berezi bat eta poteoan ibiltzeko aitzakia ederra ere. Heldu da Trini Black jaialdia.
Tik Tara talde zarauztarra da hiru eguneko egitarauari hasiera emango diona. Euskaraz abesturiko doinu kubatarrekin dantzan jarriko du plaza Tik Tara taldeak. 22:00etan hasiko da euren saioa. Gauerdian, berriz,
Dj Budinek hartuko du lekukoa.
Larunbatean
sukaldaritza tailerra egingo dute etxeko txikienentzako, eta ez dituzte nolanahiko irakasleak izango gainera. Kokotxa jatetxeko Dani Lopez eta Xarma jatetxeko Aizpea Oihaneder sukaldariak izango dira menua prestatze arduratuko direnak, 11:00etatik aurrera.
Eta ikasi ondoren, dastatzeko ordua helduko da. Vermuta eta musika izango dira 13:00etatik aurrera,
Enlace Funk dj-aren eskutik, 17:00ak arte.
Gauerditik aurrera, berriz,
Telmo Trenor musikari donostiarrak eskainiko du emanaldia. Eta ondoren,
Sr. Wilson eta Freedoniaren saioak.
Igandean
azoka berezia egingo dute, goizeko 11:00etatik 17:00etara. Era guztietako produktuak eskuratzeko aukera eskainiko dute bertan, baina batez ere, bertako artisten eskulan eta artelanak eskainiko dituzte. Hortaz gain, diskoak, komikiak, liburuak eta bigarren eskuko produktuak trukatzeko aukera ere izango da.
Bezperan bezalaxe, igandean ere vermuta eta musika uztartzen dituen saioa eskainiko dute. Kalean egoteko aitzakia, eta bide batez, musikaz kaleak girotzeko aitzakia izango da. Kasu honetan,
Taskakulturklub dj-a izango da giro hori sortzeko ardura izango duena.
Trini Black jaialdiko emanaldi guztiak doan izango dira. Trinitate plazara gerturatu eta bertako giroaz gozatu besterik ez da egin behar