Udan ere mendi irteerak egingo dituzte Amara Berrikoek
Auzoko gazteen ekimenez, Goazen Mendira Amara Berri! mendi irteerak antolatu dituzte udari begira. Izan ere, ikasturtean zehar hainbat ibilaldi egin dituzte; eta, orain, txanda berri bat prestatu dute. Hala, lau txango egingo dituzte uztailean, abuztuan eta irailean zehar: uztailaren 10ean, Debatik Zumaiarako bidea egingo dute oinez; uztailaren 29, 30 eta 31n Auñamendira joango dira eta bertan egingo dute lo; abuztuaren 13ko irteera berezia izango da; eta irailaren 24an, perretxiko bila joango dira.
«Asteburuetan mendira joateko gogoa genuen auzotar batzuk elkartu ginen, eta horrela hasi zen proposamena. Gabonetan egin genuen lehenengo irteera, eta hortik aurrera hilabetean behin txango bat antolatu dugu», azaldu du Amara Berriko Maria Arluziaga-Gondatek.
Jarduera irekia da, eta adin guztietako jendeak parte hartu dezake, Amara Berriko jaietako Facebookera mezu bat bidalita. Aurreko mendi irteeretan 7 eta 15 lagun bitarteko taldeak osatu dira, eta giro bikaina izan da nagusi: «Normalean, 9:00ak aldera ateratzen gara Amara Berritik, eta eguraldiak laguntzen badu, mendian edo inguruan bazkaltzen dugu; egun osoko plana izaten da». Mailari dagokionez, mendi «errazak eta zailak» daudela diote antolatzaileek.