Lehengo urteko Zipotz jaien hasiera. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Zipotz Txiki eguna ospatuko dute aurten lehenengo aldiz Grosen. Datorren astean hasiko dira jaiak, baina larunbatean “motorrak berotuko” dituzte.
Jai batzordeko kideek azaldu dutenez, buelta bat eman nahi izan diete jaiei: “Egitarau finko eta indartsua daukagu, eta horregatik aurten geure arteko harremanetan jarri nahi genuen fokua”. Horrela, egun osoko egitaraua antolatu dute auzoan jaietarako gogoa piztu eta jende berria “erakarri” asmoz.
“Askotan kosta egiten da jai batzordera lehenengo aldiz hurbiltzea eta Zipotz Txiki jaiak hori erraztu nahi du”, azaldu dute. Izan ere, “giro goxoago” eta “seguruago” batean emango diote hasiera jaiei: “Horrela, jende berriari ongietorria ematea ere errazagoa da”.
Bestalde, azaldu dute festetan jai batzordeko kideak lan eta lan ibiltzen direla, eta helburuetako bat jai batzordeko kideek “disfrutatzea” dela.
Egun osoko egitarau “xumea baina polita” antolatu dute Zipotz Txiki egunerako: 12:00etan geratu dira Kau tabernan; 14:00etan bazkaria egingo dute Marruma Elkartean; 16:30etan poteo jolas musikatua auzoko tabernetan zehar; eta eguna bukatzeko karaokea egingo dute, nahiz eta, oraindik ez duten lekua zehaztu.
“Zipotz Txiki egunean egitarau xumea prestatu dugun arren jendeak ondo pasatzea eta elkarrekin gozatzea nahi dugu”, azaldu dute.