Saharako haurrak Donostiara iritsi dira
Oporrak Bakean programaren barruan 29 haurrek uda Donostian pasako dute.
Mendebaldeko Saharako 29 haurrek Donostian pasako dute uda, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetatik urrun. Euskal Herrian guztira 323 haur saharar izango dira udan. Gipuzkoan guztira 111. Gaur eguerdian iritsi dira Donostiara 29 haur, eta San Telmo Museoan dagoen haiman eman diete ongietorria. Bertan elkartu dira udan hartuko dituzten familia donostiarrekin.
Une hunkigarriak bizi izan dira gaur eguerdian. Batzuek berriz elkartu dira aurreko urteetako familiekin, eta hunkituta hartu dituzte, besarkada eta txalo artean. Beste haur batzuk lehen aldiz izango dira Donostian, eta harrera familiak gaur ezagutu dituzte.
Oporrak Bakean programaren helburu nagusia saharar haurrek errefuxiatuen kanpamenduetan bizi behar dituzten baldintza gogorrak arintzea. Argeliako basamortuko kanpamenduetan jaiotako haurrak dira. Beharrezko hezkuntza jasotzeko zailtasun handiak dituzte, eta osasunarekin eta elikadurarekin lotutako arazoak sufritzen dituzte.
Elkartasun programa honek 30 urte bete ditu aurten. 10 eta 12 urte bitarteko haurrak hartu dituzte hainbat familia donostiarrek, eta bi hilabetez izango dira hemen. Azken urteetan harrera familien kopuruak nabarmen egin du behera, eta Oporrak Bakean programako kideek laguntza eskatu zuten.
Erlazionatutako edukiaUdan Saharako haurrak jasotzeko familiak behar dituzte