Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren alegazioa ez du onartu Tokiko Gobernu Batzordeak, ez eta EH Bilduren helegitea ere.
Garbera merkataritza gunea nola handituko den erakusten duen irudia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Garberako hirigintza proiektuaren eremua aldatzea onartu dute, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren lehen izapidearen bidez. Hala, handitu egingo da merkataritza gunea, udalak eta enpresek izenpetutako hitzarmenaren ondorioz.
Hasierako onarpenaren arabera –ondoren tramitatu eta udalbatzan onartu beharko da–, 25.000 metro koadro handituko da eraikitzeko aukera, eta bertan merkataritza eta jarduera ekonomikoko hirugarren sektoreak izango du bere tokia. Gainera, beste 80.000 metro koadroko aurreikuspen bat egin dute, aparkalekuak egiteko (3.613 leku gehienez ere).
Udalak eta Unibail Rodamco Retal Spain enpresak –Garberaren ustiapenaren kontzesioduna– hitzarmen bat sinatu zuten bere garaian. Horren arabera, 7.300.000 euro ordaindu beharko dizkio enpresak udalari. Bi milioiko partida batekin saltokira sartu eta irteteko bideak hobetuko ditu.
Hala, Tokiko Gobernu Batzarrak erabaki du Gipuzkoako Merkataritza Federazioak saltokia handitzeko hitzarmenari egindako alegazioak ez onartzea, “epetik kanpo egin direlako”. Era berean, atzera bota du EH Bilduk hitzarmenaren aurka aurkeztutako berraztertzeko helegitea, “funts gabetzat jo dituelako inpugnazioaren argudioak”.