Katsikasko errefuxiatuen aldeko elkartasunezko ekitaldi bat egingo dute larunbatean
Ume-eramaileak-Siria eta Kabi Etxeak-ek antolatuta, Katsikasko (Grezia) errefuxiatuen kanpalekuan dauden herritarrei laguntza emateko ekitaldi bat egingo dute larunbatean, uztailak 9, Bulebarrean. Boluntario talde batek Katsikasera joan nahi du abuztuan, eta bidaia posible egiteko dirua bilduko dute. Olvidados gobernuz kanpoko erakundea eta A.I.R.E. larrialdietarako elkartearekin elkarlanean egongo dira Katsikasen, errefuxiatuei laguntza ematen. Eguzkitako kremak, xaboiak eta konpresak ere bilduko dituzte, kanpalekura eramateko. 1.200 pertsona daude Katsikasko kanpalekuan. Siriatik, Palestinatik, Kurdistandik edo Afganistandik ihes egin dute denek. Baldintza gogorretan bizirauten ari dira kanpalekuan.
Elkartasunezko programa zabal bat prestatu dute larunbaterako, 10:00etatik 20:30era. Haurrentzako jarduerak egingo dituzte, besteak beste. Zuzeneko musika emanaldiak ere programatu dituzte. Iker Lauroba 11:30ean ariko da, eta Los Ladrones de Gitarras eta El Ritmo del Desvan taldeak, 18:00etan.