Mirakruz kaleko eraikinean etxebizitzak eraikitzeko lizentzia baimendu dute
Orotara, 25 etxebizitza egingo dituzte, eta obrak bi urtez luzatuko dira.
Groseko zein hiriko auzotar askok eraikina babesteko eskatu dute azken hilabeteotan, baina Eneko Goia alkateak azaldu duenez, “egungo planak ez du eraikina babestea begiesten”. Horregatik, proiektuarekin aurrera jarraituko dute. Lizentziak eraikuntza baldintzak ezartzen ditu, eta obrak amaitzeko epea bi urtekoa izango da.
“Plan horren arabera, eraikitzeko eskubidea existitzen da, eta lizentzia baten eskaera egin digutenez, udalak erantzuteko beharra du. Fatxada berria izango da, baina jabeekin hitz egin dugu eraikiko den hori egungo diseinuarekin ahalik eta antza gehien izan dadin”, adierazi du Goiak. Badaki hainbat auzotarrek eraikina babesteko eskaera egin dutela, baina “planaren egoerak ez du begiesten eraikina babestea“.
Tokiko Gobernu Batzordeak gaur erabaki duenaren arabera, Mirakruz kaleko 19. zenbakiko eraikinean 25 etxebizitza egiteko lizentzia baimendu dute.