Auzoko sektore guztiekin batera proiektu bat abiarazi nahi dute Alde Zaharra Bizirikeko kideek.
Parte Zaharreko Fermin Kalbeton kalea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Parte Zaharrean auzoko sektore guztiekin batera proiektu bat abiarazi nahi dute Alde Zaharra Bizirikeko kideek. Helburua auzoko “sentsibilitateak” batu eta arazoen aurrean oinarri komun bat finkatzea da. Donostia 2016ren barruan abiarazi dute egitasmoa. Elkarte ezberdinei luzatu diete deia; tartean, Sortu, EAJ, Alde zaharra Bizirik, Kresala, ostalariak, Xirimiri, elizak eta gazte asanblada.
Astelehenean egin zuten lehenengo batzarra eta hamasei lagun batu ziren. “Parte Zaharrak dituen arazo eta abantailak jaso eta horren diagnosi txiki bat egin genuen”, azaldu du Rafael Azkena Alde Zaharra Bizirikeko kideak. Lehenengo batzar honen helburua “talde iraunkor antzeko bat” sortzea da, horrela, alde zaharrean sortzen diren arazoei aurre egin ahal izateko, eta denen artean konponbideak aurkitzeko.
Azkenak azaldu duenez, nahiko ados agertu zen sektore ezberdinetako jendea hasierako planteamenduarekin eta aurreikusia zegoen bezala datorren astelehenean egingo dute hurrengo bilera.
Asmoa, uztailaren 4an lehen batzarra egin eta datozen bi asteetan ere biltzea zen. Momentuz, hurrengo astelehenean bilduko dira, eta helburua aurrerantzean ere harremanetan jarraitzea da.