Donostiako metroaren alternatiba proposatu du EH Bilduk
EH Bilduren ustez, metroaren igarobiderik gabe hobetu daiteke hiriko mugikortasuna.
Donostiako mugikortasun integralari buruzko proposamena aurkeztu du Donostiako EH Bilduk. 200 milioi euro “metro-pasantean” inbertitu ordez, beste aukera batzuk badaudela azaldu dute. Proposamenaren helburua, “egun garraio publikoan egiten zailak, luzeak edo ezinezkoak diren ibilbide batzuk, hemendik aurrera, errazagoak eta erosoagoak” izatea da. Dena den, azaldu dute euren proiektua “herritarrekin kontrastatu” nahi dutela, “Donostiako herritarrek haien benetako beharren araberako mugikortasun azpiegiturak izan ditzan.
Mugikortasun sistema aukeratzeko eskaria “aintzat hartzea” ezinbestekoa dela uste dute, eta horregatik administrazio publikoak egindako zenbait ikerketetan oinarritu dute euren proposamena. Azterketa egin ostean honako ondorioa atera dute: “Donostiak mugikortasun onargarria du, baita garraio publiko sare egokia ere. Hala ere, badira egoera zentzugabe batzuk, hala nola, trenbide-sistemen arteko loturarik eza edo hiri historikoaren eta garapen berriaren arteko loturarik eza”. Gainera, azaldu dute oinezkoentzako eta bizikletentzako eremua handitzeko beharra ikusten dutela.
Proposamena
EH Bilduk aurkeztutako proposamenak zenbait “aldaketa eta hobekuntza” proposatzen ditu: Horien artean, Bus Expres autobus eredua; Donostiako Trenbide Sareak lotzeko beharra; Bus Expresen eta Donostiako Trenbide Sarearen geltokien ondoan geltoki intermodalak egiteko proposamena; DBusen linea osagarriak jartzea; bidegorri sarea eta bizikleta indartzea; eta azkenik, aparkalekuak egitea geltoki intermodalen inguruan.
Bus Expres autobus ereduak hainbat ezaugarri dituela azaldu dute; horien artean, pertsonak garraiatzeko edukiera handiagoa, bere errail propioa, semaforoetan lehentasuna, erabiltzaileak edozein atetatik sar daitezke, oso maiztasun ona eta azkarra eta erosoa.
Donostiako Trenbide Sareen artean loturak egitea “beharrezkoa” dela uste du EH Bilduk. Horrela, lehentasuna eman nahi dio 2016 bukaeran martxan hasiko den Altzako geltoki berriari. Bestalde, Loiolako Erriberako alda-geltokiaren proiektuari ere lehentasuna eman nahi diote. Izan ere, azaldu dutenez, horrek, Euskotrenekin lotzeko aukera emango luke eta geltoki intermodal bihurtuko litzateke. Gainera, Euskotrenen maiztasunak eta trenbideak hobetu nahi dituzte: “Pasantea egiteko aitzakia moduan maiztasunak hobetzea erabili bada ere, argi geratu da argudioa faltsua dela”.
Azaldu dute, oraingo azpiegiturekin metroaren maiztasun berak lortu daitezkeela, hau da, 10 minutu baino gutxiagokoak. Hori lortzeko gaur egun Eason bukatzen diren lineak ekialdera (Errenteria , Oiartzun) luzatu beharko lirateke, eta Altza- Pasai Antxo- Galtzaraborda loturari lehentasuna eman beharko litzaioke, EH Bilduren hitzetan. Honen helburua, Easoko geltokia hasierako eta bukaerako geltoki izateari utzi, eta Urola Kosta eta Oarsoaldearen arteko lotura zuzena lortu nahi dute. Azkenik, Easo Plaza eta Anoeta arteko bidea estali nahi dute. Horrela, hiriko espazio publiko handia “berreskuratzea” eta kutsadura akustikoa murriztea da asmoa.
Bus Expres autobus eredua eta Donostiako Trenbide Sarea lotzeko geltoki intermodalak egin nahi dituzte. Geltoki intermodaletan garraio modalitate batek baino gehiagok bat egitea nahi dute. Heburua, “garraio modalitateen arteko linea aldaketa ahalik eta errazena, azkarrena eta intuitiboena” izatea da. Bestalde, garraio aldaketa ez “zigortzea” eta ibilbide guztiagatik berdin ordaintzea nahi dute: “Funtsezkoa da linea aldaketa doakoa izatea: jatorritik helmugara bidaia bakar bat bezala ulertu behar da, erabilitako linea kopurua kontuan hartu gabe”.
DBusen linea osagarriak jartzea proposatzen dute. Donostiak autobus sare “ona” duela uste dute baina antolakuntzan zenbait hobekuntza proposatu dituzte, esaterako, “gertutasun lineak sortzea auzo barruan mugitzeko”.
Bidegorri sarea eta bizikleta indartu nahi dituzte. EH Bilduren helburua “bizikletaren pisua garraio bide bezala nabarmen handitzea da”. Horretarako, tren eta bus geltokietan bizikletak uzteko lekuak indartu nahi dituzte. Bestalde, “erronka handietako bat” ibilbideen hasieretan eta bukaeretan bizikletentzako aparkalekuak egitea da.
Geltoki intermodaletan aparkalekuak egin nahi dituzte. Garraio pribatua gutxiago erabili ahal izateko geltoki intermodaletan aparkalekuak areagortu nahi dituzte: “Disuasio aparkalekuak egitea proposatzen dugu, lurrazalean edo goraka, geltoki intermodalen ondoan edo garraio publikoaren egitura lineekin behar bezala lotutako eremuetan”.
“Metro-pasantea ez da beharrezkoa”
EH Bilduren ustez Donostiako metroaren igarobidea ez da beharrezkoa: “Egia da pasanteak abantailak ekarriko lizkiokeela herritarren zati bati, baina hura egiteak ez dirudi logikoa beste aukera batek abantaila gehiago baditu”. Gaineratu dute, metroarekin hiriko hainbat autobus linea murriztea aurreikusten dutela. Zehazki honako hauek izango dira DBusen izango duen eragina, Eusko Jaurlaritzaren txostenaren eta autobus konpainiaren azterketen arabera:
Bertan behera geratuko liratekeen DBusen lineak
05 Benta Berri
24 Altza-Gros- Antigua
27 Altza- Intxaurrondo- Antigua
Aldaketak izango lituzketen DBuseko lineak
13 Altza. Maiztasuna gutxitu eta 15 minutukoa izatera igaroko litzateke.
18 Seminarioa. Transbordadore bihurtuko litzateke Benta Berritik.
25 Añorga. Transbordadore bihurtuko litzateke Lugaritzetik.
26 Martutene. Transbordadore bihurtuko litzateke Lugaritzetik.
28 Amara- Ospitaleak. Maiztasuna gutxitu eta 10 minutukoa izatera igaroko litzateke.
33 Larratxo- Intxaurrondo- Berio. Transbordadore bihurtuko litzateke Benta Berritik.