Euskal herri kirolak jaso dituzte San Telmo Museoan
'Jokoak: materia eta erronka' izeneko erakusketa ikusgai egongo da, urria arte.
San Telmo Museoaren erakusketa berria da, eta, bertan, kirolaren ikuspegi antropologikoa landu dute. Horretarako, protagonisten tresnak, objektu pertsonalak eta irudi esanguratsuak erakusgai jarri dituzte: Aita Manuel patroi mitikoaren arrauna, Agustina Otaolaren erraketa, Saralegiren 329 kiloko harria, Arria II.aren aizkora eta Atano III.aren txapela, besteak beste.
Sei joko ikus daitezke islaturik erakusketan: pilota, arrauna, harri-jasotzea, enbor-moztea, sega eta idi-demak (baita giza-probak ere). Hala, aztertu dute zergatik diren kirol horiek egungo gizarteak ezagutzen dituen modukoak.
Erakusketa San Telmo Museoak berak ekoiztu du, eta hausnarketa da, EHUko antropologiako doktore eta irakasle Olatz Gonzalez Abrisketak euskal kirolari buruz egindakoa. Zehazki, urriaren 12a arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera doakoa da.
Euskal herri kirolak hobeto ezagutzeko modu bat da Jokoak: Materia eta erronka.