Altzako Harria parkea. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Tokiko Gobernu Batzordeak Altzako Harria parkean estalki bat jartzeko bidea ireki du. Izan ere, Hiria Antolatzeko Plan Bereziari hasierako onarpena eman dio.
Hala, estalkiak 610 metro koadro izango ditu, eta 7 metroko altuera, gehienez ere. Helburua da inguru horretako aisirako guneak antolatu eta zabaltzea.
Bestalde, Altzako kiroldegia eta inguruko errepide sarea eraberritzeko behin betiko proiektua onartu dute. Hortaz, kiroldegirako 14.854.170 euroko aurrekontua ezarri dute, eta inguruko bideak aldatu eta hobetzeko 1.221.980 euro.
Urbanizatze lan horiekin bi xede lortu nahi ditu udalak: alde batetik, aparkalekuen gutxieneko kopuru bat izatea; eta, bestetik, inguruko errepide sarea «hobetzea». Orain, lizitaziora aterako dute proiektua, eta urte amaierarako aurreikusten dute lanak hastea.
Euskarari arnasa eman diote
Altzako Txapiñene kalera iritsi da Euskarriak egitasmoa. Kaleko artea erabiliz osatu dute margolana, altzatarren beraien partehartzearekin, «euskarak Altzan ere arnasa har dezan».
Bagerak eta Donostia 2016 Fundazioak elkarlanean sortu zuten Euskarriak egitasmoa. Hizkuntzen inguruko sentsibilizazioa eta hausnarketa eragin nahi dute, eta, horretarako, Donostiako kaleetan elementu desberdinak sortzen ari dira.