Miramongo pasarela berria zabaldu dute
Zientzia eta Teknologia parkeak eta Donostiako Udalak sinatutako hitzarmenaren harira eraiki dute pasarela berria. Hitzarmen horretan, udalak zortzi lursail eman zizkion parkeari 10.000 metro koadro gehiagorekin, bertako jarduna handitu eta zabaltzeko aukera izan zezan. Trukean, Parkeak hainbat inbertsio egin behar izan ditu Miramon inguruan.
Egokitze lan horien artean dago Miramon pasealekua izendatu duten pasarela berria. Batzar Nagusien parean hotel-egoitza bat eraikitzen ari dira, Basque Culinary Center-eko ikasle eta erabiltzaileentzat pentsatua, batik bat. Hantxe hasten da pasabidea.
215 metro ditu luzeran, eta 3 metroko zabalera. Mutur batetik bestera 12 metroko gehieneko malda gainditzen du. Eneko Goia alkateak bereziki eskertu du Hoz y Fontan arkitektoen lana: “Ingurura ederki egokitzen den egitura da. Bere betebehar funtzionalaz gain, Miramongo basora ematen duen balkoi eder bat da”.
Donostia eta Gipuzkoaren etorkizuna Miramongo Zientzia eta Teknologia parkean dagoela esan du alkateak: “Hemen dago garapen ekonomikoaren motorea, burua”. Zentzu horretan, parkearen eta udalaren arteko hitzarmena amaitu bada ere, aurrerantzean ere “teknologia parkeari laguntza eta bultzada ematea” udalaren lehentasuna izango dela adierazi du alkateak.
Zentzu berean mintzatu da Arantxa Tapia sailburua ere: “Urte askoan hiria eta teknologia parkea elkarri bizkarra emanda aritu dira lanean, baina hori aldatu da. Elkar elikatu behar dute biek, parkea hiria ere badelako, eta alderantziz”.
Batzar Nagusien gunea eta Mikeletegi pasealekua lotzen ditu Zientzia eta Teknologia parkeko pasarela berriak. 215 metro eskas ditu, baina bi aldeen arteko lotura nabarmen hobetuko duela adierazi dute agintariek.
Gaur goizean inauguratu dute. Bertan izan dira Donostiako alkate Eneko Goia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, eta euskal Parke teknologikoen lehendakari Jose Miguel Corres.
2003. urtean