Donostia Antitaurina Orain plataforma, zezenketen inguruko galdeketa egiteko sinadurekin. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Illunben zezenketak egiteari buruzko galdeketari data jarri diote. 2017ko otsailaren 19an izango da, eta galdera Donostia Antitaurina Orain plataformak proposatutakoa izatea erabaki du Eneko Goia alkateak: “Ados al zaude udalak bere titulartasunekoak diren ekipamendu eta espazioak zezenketetarako ez alokatu edo uztearekin, eta horretarako diru laguntzarik ez ematearekin?”. Hala jakinarazi alkateak udal taldeetako bozeramaileei eta Donostia Antitaurina Orain plataformako kideei. Goiak kontsulta egiteko deialdia ebatziko du hurrengo astearen hasieran.
Hurrengo hilabeteotako Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskunde prozesuak eragina du araudian ezarritako epeetan. Izan ere, ezin da galdeketarik egin hauteskunde prozesuak abian daudenean. Horrenbestez, behin data erabakita, udalak hauteskunde prozesuak suposatzen duen oztopoa gaindituko duela janakinarazi du, kontsulta berme guztiekin prestatu ahal izateko.
Galdeketara deitzeko sinadura egingo du datorren astean. Ebazpena eginda, Donostiako alkateak galdeketen gaineko Udal Araudiak ezarritakoa beteko luke, hau da, erroldaren %5 eskatuta kontsulta egiteko deialdia egingo du. Hain zuzen ere, 9.000 sinadura lortu zituen Donostia Antitaurina Orain plataformak.
Epaiaren zain
Behin sinadurak bilduta, udal araudiari jarraituta, galdeketa egiteko prozesua abian jarri zuten, baina Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epai batek Donostiako araudia indargabetu zuen. Alegia, aurreko legegintzaldian aho batez onartu zuten herri kontsultak egiteko araudia.
Donostiako Udaleko zerbitzu juridikoek helegitea aurkeztu zuten, eta epaiaren zain daude. Auzitegiak araudia indargabetuta mantenduko balu, galdeketa egiteko beste bideak baliatuko dituela esan du Goiak; Espainiako Ministroen Kontseiluari baimena eskatzea da aukera.
Alkateak azpimarratu du hiri ekimenari bide emateko duen borondatea: “Udalak bere esku dagoen guztia egingo du herri-kontsulta data horretan egiteko”.