Larrialdietarako oinarrizko ezagutzen inguruko ikastaroa. (Argazkia: Loiolako Erriberako Auzo Elkartea)
Larrialdietarako oinarrizko ezagutzen inguruko ikastaroa eskaini zuen Jon Zabaleta medikuak ekainaren 30ean. Loiolako Erriberan ezagutza elkarbanatzeko egitasmo bat abiarazi zuten apirilean: KonParte. Hilean behin auzotar batek gainerakoei bere ezagutza eta abileziak transmititzean datza.
Ikastaroa egin eta bi astetara bertan parte hartutako pertsona batek beste bat lagundu ahal izan zuen ikastaroan ikasitakoari esker. Egitasmoaren bultzatzaileek Facebook bidez jakinarazi dutenez, Martutenera bidean lurrean botata aurkitu zuen mutil bat eta suspertze teknikaren bidez lagundu ahal izan zion. Pozik daude antolatzaileak ikastaroaren eraginkortasuna ikusita.
Apirilean hasi ziren egitasmoarekin eta dagoeneko hiru hitzaldi eskaini dituzte auzotarrek: Javier Santos, ingeniari industriala eta TECNUN-eko irakaslea, izan zen lehenengo hizlaria eta aurkezpenak egiteko teknikak erakutsi zituen.
Maiatzean, Gipuzkoa Basket Klubeko Jordi Grimau jokalaria eta Lolo Encinas entrenatzailearen laguntzailea kirolaz aritu ziren. Eta, azkenik, ekainean, Jon Zabaletak larrialdietarako oinarrizko ezagutzen inguruko ikastaroa eskaini zuen. Aurrerantzean ere hilean behin auzotarrek hitzaldiak eskaintzen eta hitzaldiez gozatzen jarraituko dute.