Munduko kantu inprobisatuak Donostiara iritsi dira
Uztailaren 11tik 16ra bitarte munduko zazpi kantu inprobisatu entzuteko eta beste zenbait ezagutzeko aukera egongo da.
Malen Aldalur
Europa bat-batean. (Argazkia: Mintzola Ahozko Lantegia)
‘Europa bat-batean’ Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketa ospatuko dituzte uztailaren 11tik 16ra. Astelehenean emango diote hasiera portuko arranpan eskainiko duten saioarekin. Bertan, Andoni Egaña eta Amets Arzallus arituko dira bertsotan Gales, Kuba eta Zipreko inprobisatzaileekin batera.
Jardunaldi akademikoek eta emanaldiek osatzen dute topaketa, eta amaiera “handia” eman nahi diote Kursaalean egingo duten jaialdi batekin: “2003ko Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketari jaialdi handi batekin eman zitzaion amaiera, eta 2016ko Europa bat-bateanek ere hala biribilduko du egitasmoa”.
Uztailaren 16an arratsaldeko 19:00etatik aurrera egingo dute jaialdia. Aste guztian zehar topaketetan parte hartu duten inprobisatzaileek hartuko dute parte: Austriako, Galeseko, Herrialde Katalanetako, Kubako, Mexikoko eta Zipreko ordezkariak izango dira oholtza gainean, Euskal Herriko bertsolariekin batera. Sarrerak 15 euroren truke eskura daitezke webgunean, eta egunean bertan ere egongo dira salgai leihatilan.
Dena den, jaialdiaren aurretik, aste guztian zehar egongo dira emanaldiak Donostiako zenbait lekutan. Astelehenean portuko arranpan eskainiko dute saioa; itsasoarekin harreman estua duten herrialdeetako inprobisatzaileak arituko dira. Asteartean DSS2016EUren egoitzara mugituko da oholtza eta asteazkenean, Tabakalerak hartuko du topaketa; bertan, munduko emakume inprobisatzaileen elkargunea osatuko dute Uxue Alberdik gidatutako saio batean. Ostegunean, Donostiako alde zaharrean egingo dute saioa, poteo formatuan.
Atzerriko ordezkari ezberdinak ariko dira bertakoekin batera: Manex Agirre, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Ane Labaka, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Julio Soto. Maite Berriozabal eta Alaitz Rekondo ariko dira saioak aurkezten. Inprobisatzaileen jarduna jarraitu ahal izateko itzulpen zerbitzua ere eskainiko da.
Kursaaleko jaialdirako bezala, portuko eta Tabakalerako saioetarako sarrerak ere webgunean erosi daitezke. Gainerakoak doakoak dira.
Bestalde, jardunaldi akademikoak egongo dira goizetan; “emanaldiak modu xeheagoan ulertzeko gakoak” emango dituzte bertan.
Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak antolatutako egitasmoa da Europa bat-batean.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea