Ondarretako tunel berritua zabaldu dute
Itsasoa eta lurraren arteko lotura irudikatu dute pasabidearen sabaian.
Victor Goikoetxeak artista eta Xabier Barrutieta arkitektoa elkarlanean aritu dira, obra osatzeko. Gainera, tunelari izen berria jarri diote, Itsas Arte. Guztira, 29 metro ditu tunelak, eta sabaian itsasoaren eta lurraren arteko lotura irudikatu dute.
Finantzaketa publikoa eta pribatua izan da. Donostiako Udalak 20.000 euroko ekarpena egin du, eta gainerakoa, 107.000 euro, lau enpresek jarri dute: Angulas Aginaga, Aelvasa, Igarle eta LurGene. Hala, enpresa bakoitzak ekarpen bat egin dio proiektuari, eta uztartzen ditu artea, arkitektura, teknologia eta energia berriztagarriak. Donostia 2016aren Elkarrizketak atalaren barruan sartu dute proiektua, eta hiriarentzako legatu artistikoa izango da.
Komunikabideen aurrean tunela erakutsi duten arren, gaur, osteguna, 20:00etan, irekiera ekitaldi ofiziala egingo dute, herritarrentzat. Bertan, enpresa arduradunek eta egileek azalpenak emango dituzte bertaratzen diren guztiei, eta, ondoren, tunelaren argiak piztuko dituzte.
Itxura eraberritua du Ondarretako tunelak, Kontxa pasealekua eta Ondarreta lotzen dituen oinezkoen pasabideak, hain zuzen ere. Tunelaren eraldaketak helburu jakin bat du: oinezkoak harritzea eta ur-azpiko bidaia batean murgiltzea.