Noiz eta nola egiten du barre emakumeak?
Bi ikastaro egingo dituzte abuztuan Emakumeen Etxean.
Emakumeen Etxean. Beatriz Egizabal ipuin kontalari, aktore eta klown-ak ikastaro azkar bat eskainiko du. Emakumea umore sortzaile gisa eta umore objektu gisa duten lekua aztertuko du.
Umorea ezinbestekoa da ondo bizitzeko. Eta gehienetan oso atsegina da barre egitea. Baina, zerk eragiten digu irribarrea, zerk algara? Geure buruaz barre egitea osasuntsua da, baina gutaz beste norbaitek barre egitean zer sentitzen dugu? Dena da onargarria?
Eta emakumea umore sortzaile gisa? Zenbat emakume komediante dago? Zenbat komiko? Abuztuko ikastaroetan hari hauei guztiei tirako die Egizabalek.
Hileko bigarren astean, abuztuaren 9, 10 eta 11ean, 10:30etatik 12:30etara, gazteleraz egingo dituzte saioak. Eta euskaraz, abuztuaren 23, 24 eta 25ean, ordutegi berean.
Ikastaroak doan dira, eta izena emateko nahikoa da 943 48 34 70 telefonora deitzea, berdintasuna@donostia.eus helbidera idaztea, edo Emakumeen Etxean bertara joatea.
Emakumea eta umorea hizpide izango dituzte abuztuan