'Emakumeak eta arrauna' gehigarria kaleratuko du IRUTXULOKO HITZAk, hainbat elkarrizketekin.
Maite Zunzunegi, gehigarrirako egindako elkarrizketaren une batean. (Argazkia: Joxerra Mikeo)
Maite Zunzunegiren hitzak dira titularrekoak: “Egun, jendeak normalagotzat jotzen du neskak arraunean aritzea, lehen beti entzuten genuen ‘marimutil’”. Pasai Donibaneko arraunlari eta entrenatzaile ohia da, eta
Emakumeak eta arrauna gehigarriko protagonista nagusietako bat da. Aulki mugikorrean arraunean hasi ziren lehen emakumeen artean dago Zunzunegi, Koxtapeko emakumeen traineruko lehen entrenatzailea izan zen, eta urte mordoa darama ba- telarien omenezko estropadan parte hartzen.
Hondarribiak antolatutako Txingudiko Bandera izan zen aurrekaria emakumeen traineru estropadetan; eta 2005ean jokatu zuten lehen aldiz. Bultzada, ordea, 2008an iritsi zen, Emakumeen Kontxako I. Banderarekin. Ordutik goranzko ibilbidea ezagutu du emakumeen arraunak, hainbat traba gainditu behar izan dituen arren, eta gai horixe landuko du IRUTXULOKO HITZAk. Izan ere, uztailaren 29an argitaratuko du udako giroarekin bat datorren gehigarri berezia:
Emakumeak eta arrauna.
Tostako arraunaren inguruko erreportaje zabalak eta elkarrizketak jasoko ditu gehigarriak, 32 orrialdetan barrena. Hala, traineruen ibilbide berrienari ez ezik, lehen emakume arraunlariak zeintzuk izan ziren eta zergatik hasi ziren arraunean ere azalduko du.
Estitxu Zabala kazetaria eta arraunlaria arduratu da lana egiteaz, eta, horretarako, batean eta bestean informazioa jaso du, eta hainbat arraunlarirekin egon da, euren esperientzien berri izateko: Errenteriako Maika Tameron, Zumaiako Atsegin Odriozola…
Nola lor daiteke gehigarria?
IRUTXULOKO HITZAk gehigarriaren 3.000 ale banatuko ditu. Harpidedunek etxean jasoko dute gehigarria, astekariarekin batera; baita Donostiako
Berriako harpidedunek ere. Kioskoetan ere egongo da gehigarria lortzeko aukera, Donostian
Berria erosi ezkero. Horretaz gain, banaketa berezia egingo dugu arraun klubetan, ahalik eta zabalpen handiena emateko asmoarekin.