J. A. Bayonaren 'Un monstruo viene a verme (A Monster Calls)' filmaren Europako estreinaldia dela eta izango da Donostiako Zinemaldian.
64. Donostia Zinemaldiko Donostia Saria jasoko du
Sigourney Weaver (New York, AEBak, 1949) aktoreak.
J.A. Bayona-ren azken lanaren Europako estreinaldia egingo da Donostian, lehiaketaz kanpo:
Un monstruo viene a verme (A Monster Calls). Filmaren antzezle-taldean dago Sigourney Weaver aktorea. Felicity Jones, Lewis MacDougall eta Liam Neeson-ek ere parte hartu dute Bayonaren filmean.
Filmaren gala-pasea irailaren 21ean izango da, Kursaalen, eta bertan Donostia saria jasoko du Weaverrek. Zinemaldiak ematen duen ohorezko sari garrantzitsuena da Donostia saria, eta aurtengoan estatubatuar aktorearen ibilbideari egingo dio aitortza. Haren izena azken lau hamarkadetako ekoizpen-lanik garrantzitsuenetan ageri da, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee, David Fincher eta tankerako zinemagileek zuzenduta.
Un monstruo viene a verme (A Monster Calls) filma izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Liburu hau Erresuma Batuan gazteentzako liburu onena hautatua izan da. Eleberriaren egilea den Patrick Ness-ek idatzi du gidoia. Filmean Conorrek, 12 urteko ume batek, bere amaren gaixotasunari aurre egiten dio gauero bisitatzen duen munstro baten laguntzarekin.
Bayonaren (Bartzelona, 1975) ibilbide arrakastatsuko hirugarren film luzea da hau, eta nagusiki amen eta seme-alaben arteko loturak protagonista dituzten kontakizun indartsuen trilogia bat amaitzen du. Bere lehendabiziko filma, El orfanato (2007), Canneseko Kritikaren Astean estreinatu zuten eta zazpi Goya eskuratu zituen; besteak beste, zuzendari berri onenarena. Bigarrena, Lo imposible (Ezinezkoa, 2012), Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten lehiaketaz kanpo, Sail Ofizialean, eta bost Goya eskuratu zituen, zuzendari onenarena barne; horrez gain, Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako ere izendatu zuten, Naomi Watts aktorearen interpretazioagatik.
Donostia saria jasotzera etorrita, hirugarrenez bisitatuko du Sigourney Weaverrek Zinemaldia,
Alien (1979) eta
A Map Of The World (1999) aurkeztu ondoren. Aurten, Donostia sariak 30 urte betetzen dituen edizio honetan, hogeigarren aldia izango da emakumezko aktore batek saria jasotzen duena