Antzerki baten bidez islatuko dituzte 1936ko gerrako bizipenak
Historia liburuetan kontatzen dutenaz haratago, 1936ko gerrak, eta gerraosteak Donostian eta donostiarrengan izan zuen eragina islatuko dute bisita gidatu baten bidez.
Berez, 2014. urtean hasi ziren mota honetako bisita gidatuak eskaintzen. Uztailaren 18an izandako estatu kolpea eta urte bereko iraila arte, matxinatutako tropak sartu arte herritarrek bizitako egoerak azaldu dituzte guztietan. 30. hamarkadako testuinguru politikoa azaltzeaz gain, gertaera zehatzak azaltzea da bisita hauen helburua.
2015-2016 ikasturtean ere 35 bisita egin dituzte, batik bat DBH 4ko ikasleentzat. Baina baita batxillergoko ikasle, eta helduentzat ere.
Oraingoan, pauso bat gehiago eman nahi izan du Oroimen Historikoa gorde, zaindu eta ezagutarazi nahi duen Giza Eskubideen sailak: 80 urte eta gero, oroimenaren bidea egiten bisita antzeztua antolatu dute.
Koma enpresa arduratu da proiektuaz, eta gidoia, berriz, Xabier Lopez Askasibarrek egin du. Aktore guztiak donostiarrak izango dira: Maria Alonso del Val, Alvaro Garayalde, Jonan Alonso eta Jugatx Mirasolain.
1936ko gerran protagonista izan ziren herritarrak izango ditu ardatz antzezlanak. Ahotsa eta aurpegia jarriko dizkie historiari: “Garaileek idazten dituzte historia liburuak. Beraz, guk liburuek diotenaz haratago, egun haiek, egoera hura bizi zuten herritarren larruan jarri, eta euren ilusio, beldur eta kezkak islatu nahi izan ditugu”, azaldu du Miren Costa, Komako ordezkariak.
Altxamendu frankistaren garaian gertatu eta bizitakoa ez da hurrengo belaunaldiengana iritsi kasu askotan. “Bisita gidatu batean emakume batek azaldu zigun nola hil ondoren ezagutu zuen bere aitaren historia; hil ondoren, eta bere bizitza arakatzen hasi ostean jakin zuen 1936. urteko gerran sufritu zuen guztia. Orduan ulertu zuen zergatik izan zen beti hain gizon tristea”, azaldu du Costak.
Testigantza eta bizipenetan oinarritutako kontakizun antzeztu bat eskainiko dute aktoreek. Udan hainbat saio eskainiko dituzte; datorren larunbatean, uztailak 23 izango da lehen bisita.
Bisiten egutegia
Uztaila: 23, 30
Abuztua: 6, 13, 20, 27
Iraila: 3, 10, 17
Egun bakoitzean bi saio egingo dituzte: 12:00etan euskaraz, eta 18:00etan gazteleraz.
Easo plazatik abiatuko dira, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea, Maria Kristina hoteletik pasa, eta Zurriolako zubian amaituko dute. Ordu eta erdiko ibilbidea izango da gutxi gora-behera.
Bisita gidatuak doan izango dira, baina lekuak mugatuak direnez (25 pertsona) aurrez izena ematea komeni da, Koma-ren webgunean.