Donostiako Genozidioaren Biktimen elkartea, Irun?ean. (Argazkia: Gotzon Garmendia)
Donostiako Genozidioaren Biktimen Elkartea Iruñean izan da, bertako taldeekin harremanak sendotu eta ideiak elkartrukatzeko. Izan ere, Iruñeko taldeen berritasunetako bat da udal bulego bat dutela. “Bertan, testigantzak jasotzen dituzte, protokolo baten bitartez, maila instituzionalean. Nafarroako memoriaren aldeko taldeek bultzatu eta lortutakoa da. Donostian ez dago halakorik; hiru hilabetero elkartzen den udal kontseilu bat dugu, baina oso mantso doa”, azaldu du Donostiako Genozidioaren Biktimen elkarteko kide Felix Sotok.
Hala ere, hirian lorpenak egon direla dio Sotok: “Egun, kale izenei dagokionez, aurrea hartu diogu beste hainbat herriei. 1979. urtean egin genuen ahalegin handiena, eta frankismoarekin harremana zuten gauza gehienak ezabatu genituen”. Elkartea duela 10 urte hasi zen lanean, eta oraindik egiteko dagoela nabarmendu du Sotok: “Donostian jendea fusilatzen zuten bi toki ditugu oraindik markatu gabe: Bidebietako Salvador Allende parkea –tiro eremua izan zen– eta Uliako gaina. Uliako bizilagunek oroigarri bat jarri zuen azken horretan, baina norbaitek apurtu zuen”.