Foru Aldundiarena da eraikina, eta berari dagokio hezkuntza erabilerarako uztea.

Santa Teresa komentua, Parte Zaharrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Orixe ikastolako ikasle eta irakasleak espazio egoki baten beharrean daude. Gaur egun, bi eraikin dituzte. Batetik, Urgull mendikoa, Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleak hartzen dituena (141 ikasle). Eta, bestetik, Zuloaga plazakoa, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailakoak hartzen dituena (277 ikasle), eta baita udalaren haur eskola ere.
Matrikulazio kopuruak nabarmen egin du gora azken aldian, eta joera horri eutsiko diotela sinetsita daude gainera. Hala azaldu dute, Miren Azkarate Hezkuntza zinegotzi jeltzaleak, eta Maria Luisa Garcia zinegotzi sozialistak.
Irakasle izandakoak dira biak, eta ondo ezagutzen dituzte hezkuntza beharrak. Horregatik, oraingoan, Orixe ikastolak berritze plan bat behar duela uste dute.
Donostiako udalak, ez du, ordea, Parte Zaharrean, hezkuntza eskaintza osoa hartzeko moduko eraikinik, beraz, eskatu egingo du.
Santa Teresa komentuko Kalostra gunea hezkuntza beharretarako uzteko eskatuko dio udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari, berea baita jabetza. Udal gobernua osatzen duten bi alderdiek mozio bat aurkeztu dute eskari horrekin, eta biharko udalbatzarrean gainerako alderdien babesa izango du eskaerak.
Espazio falta
Parte Zaharreko Santa Teresa komentuko kalostra gunean ez dago jarduerarik, hutsik dago, eta Orixe ikastolaren gabeziei erantzuteko egokia izan daitekeela uste du udal gobernuak: “
irisgarritasun eta espazio faltari erantzungo lioke“, esan du Azkaratek.
Oraindik ezin dute zehaztu Urgull eta Zuloagako eskaintza hartzeko modukoa litzatekeen gune berria, edo hirugarren eraikin gisa erabiliko litzatekeen, baina “argi dago Urgulleko eraikinari arnas pixka bat emateko balioko lukeela”, esan du Azkaratek.
Urgull mendi magaleko eraikinak 80 urte ditu. Handia da, baina hezkuntza zinegotziaren esanetan, “ez da gaur egungo hezkuntza beharretara egokitzen”. Azken urteotan
hainbat egokitzapen egin dituzte eraikinean, baina “irisgarritasun eta antolaketa arazo ugari” dituztela nabarmendu dute.
Zuloaga plaza inguruko eraikina, berriz, txiki geratu da, eta horrek eragin zuzena izan dezake zerbitzuaren kalitatean. Garciak azaldu duenez, azken bi urteetan haurren izen emateak ia bikoiztu egin dira, eta “joera horri erantzun egokia eman behar zaio”.
Helburu horrekin aukeratu dute Santa Teresa komentua. Gela egokiak egiteko lekuaz gain, egun baratze moduan erabiltzen den gunea jolastoki gisa egokitzeko modukoa litzateke.
Behin Foru Aldundiari eskaera eginda, aldundiari legokio eraikina Eusko Jaurlaritzaren esku uztea, eta jaurlaritzak egin beharko lituzke egokitze lanak.