Amara Berriko garagardoa sortu dute: 'ZerrABeza'
Auzoko gazteak hainbat saltsatan sartu dira azkenaldian. Besteak beste, Goazen Mendira Amara Berri! mendi irteerak antolatu dituzte udarako. Eta hain zuzen, mendira egindako irteera batean bururatu zitzaien eskuartean duten proiektu berria: ZerrABeza artisau garagardoa.
«Egun erraza da garagardoa egitea. Interneten badira errezeta asko, eta proba egitea erabaki genuen. Modan daude artisau garagardoak, eta guk ere artisau garagardo bat egin nahi dugu, auzokoa», azaldu du Deiene Garciak.
Ilunki elkartean izan dira garagardoa prestatzen. Oraingoz sei litro egin dituzte, baina oraindik ez dute dastatu: «Ez dakigu zein zapore izango duen. Denak hasiberriak gara, eta ez dakigu zein emaitza izango duen gure esperimentuak». Abuztuaren 2an dastatuko dute lehen aldiz. Orduan erabakiko dute errezeta hobetu behar duten, ala lehenengoan asmatu duten.
Garagardoa egitea erraza izan dela, eta abentura honetan oso ondo pasatzen ari direla azaldu du Garciak. Amara Berriko jaietan (urriaren 6tik 9ra) aurkeztu nahi dute ZerrABeza. Garagardo gehiago egin ahal izateko material gehiago erosiko dute, eta festetan dastaketa bat antolatu nahi dute, denek auzoko edaria probatu dezaten.