Aurrekari batzuen ostean, emakumezkoen traineru estropadek 2008an hasi zuten ibilbide sendoa, Kontxako I. Banderarekin; hori eta gehiago jasoko du datorren asteko argitalpenak.
San Juango kideak, iazko Kontxako garaipena ospatzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Emakumeen traineru estropadak aztertzen hasita, Hondarribiak antolatutako Txingudiko Bandera ageri da lehen aurrekari gisa; eta 2005ean jokatu zuten lehen aldiz. Bultzada, ordea, 2008an iritsi zen, Emakumeen Kontxako I. Banderarekin. Ordutik, aldaketa ugarirekin, goranzko ibilbidea ezagutu du emakumeen arraunak, hainbat traba gainditu behar izan dituen arren. Gai horixe landuko du
Emakumeak eta arrauna gehigarriak; eta uztailaren 29an, ostirala, ikusiko du argia.
Tostako arraunaren inguruko erreportaje zabalak eta elkarrizketak jasoko ditu gehigarriak, 32 orrialdetan barrena. Hala, traineruen ibilbide berriena ez ezik, lehen emakume arraunlariak zeintzuk izan ziren eta zergatik hasi ziren arraunean ere azalduko du. Hain zuzen, Pasaiako batelariek ospe handia izan zuten XVI. mendetik aurrera, ehunka urtez, eta zeintzuk ziren, eta zer egiten zuten jakiteko aukera emango du gehigarriak.
Hiru arrazoi topa daitezke arrauna kirol bihurtzera iristeko: arrantzaleen arteko desafioak; balearen arrantzara ahalik eta azkarren iristeko lehiak; eta atoi-lana. Horrela, azken lanbide horren bidez hasi ziren emakumeak arraunean, guztiz gizonena zen mundu batean sartuz. Edonola, turismoa erakartzeko tresna egokia zela konturatu zirenean arraunak indar izugarria hartu zuen.
Estropada ofizialei dagokienez, 1970etik aurrera hasi ziren neskak aulki mugikorrean; hau da, modalitate olinpikoan. Azken urteetan, tostako arraunean ere paladak ematen joan dira gutxika, traineru-estropadak jokatu arte.
Banaketa berezia
Gipuzkoako Arraun Federazioa informazio iturri oparoa izan da lehen traineru estropadetako emaitzak lortzeko; ez baitaude inon argitaratuak. Horretaz gain, garrantzitsua izan da adituekin eta lehenengo estropada haietako protagonistekin hitz egitea, ahalik eta ikuspegi zabalena osatzeko. Hala, liburuxkako protagonisten artean daude EHUko irakasle Olga Macias, Pasai Donibaneko Maite Zunzunegi, Errenteriako Maika Tameron eta Zumaiako arraunlari Atsegin Odriozola, esaterako.
IRUTXULOKO HITZAk gehigarriaren banaketa berezia egingo du, eta 3.000 ale inguru banatuko ditu. Harpidedunek etxean jasoko dute Emakumeak eta arrauna gehigarria, astekariarekin batera; baita Donostiako Berriako harpidedunek ere. Kioskoetan ere egongo da gehigarria lortzeko aukera, Donostian Berria erosiz gero. Horretaz gain, arraun klubetara ere zabalduko da argitalpena, ahalik eta irismen handiena izateko asmoz.