"Gerrara eraman zituzten bi osaben izenak besterik ez dakizkigu; gure etxean sekula ez da gai horretaz hitz egin"
Altxamendu frankistaren egunetan donostiarrek bizi izan zutena islatu dute antzezlan baten bidez.
Giza Eskubideen bulegoak 80 urte eta gero, oroimenaren bidea ibilbide historiko gidatua prestatu du udararako. Gaur egin dute lehen saioa. Euria ere bidelagun izan badute ere, 20 bat lagun elkartu dira Easo plazan eguerdian.
Aktoreak dira narratzaile eta gidari lanak egin dituztenak, baina ibilbidean parte hartu duten herritarren arreta eta interesa pizten jakin dute. Maria Alonso del Val Tomaxa, neskatila donostiarraren paperean aritu da. Jon Ander Alonsok hainbat paper antzeztu ditu: soldadu frankista; Miel, Tomaxaren senargaia; edo Ondarretako kartzelan preso hartutako ipar euskal herritarra, esaterako.
Historia liburuetan agertzen ez diren historia zatiak bildu nahi dituzte saio antzeztu hauetan. Horregatik, istorio xume batekin une latzak ekarri dituzte gogora. Horrek nahi eta nahi ez eragiten du parte hartzaileengan, eta hainbat kasutan etxeko kontuak ere azaleratu dituzte.
Gerra eta gerraostea isilean gorderik egon dira urte luzez, hala ahaztuko zelakoan edo. Bisita gidatuan parte hartu duen batek, esaterako, euren etxeko kasua kontatu du. Bere aitak beste hamar senide izan zituen. Horietatik bi, gerrara eraman zituzten euren borondatearen aurka, eta talde ezberdinetan gainera. Bat errepublikazaleekin eta bestea nazionalekin. Gerra amaitu zenean, errepublikaren alde aritu zena, atxilotu eta Ondarretako kartzelan hil zen gaixoturik. “Gerrara eraman zituzten bi osaben izenak besterik ez dakizkigu; gure etxean sekula ez da gai horretaz hitz egin”.
Bere amonaren etxean, Mandasko Dukearen kalean, bonba bat nola sartu zen teilatutik kontatu du beste herritar batek.
Gertaera latz asko bizi izan zituzten altxamendu frankistaren garaian hirian. Ibilbide hauetan emakume bat, Tomaxa, da protagonista. Emazte, ama, alargun, bortxatu, eta alaba haien guztien larruan jarri da, historiaren errepaso gordin bat eginez. Izan ere, frankismoa eta diktadura garaian II. Errepublikarekin emakumeek lortu zituzten hainbat eskubide galdu zituzten: boto eskubidea, ezkontza zibila edo dibortziatzeko eskubidea, esaterako. Familia ardatz izanik, etxera itzularazi zituzten emakumeak; etxeko lanetara. Hala ere, badira armekin edo armarik gabe gerran jarrera aktiboa izan zituzten emakumeen adibideak ere.
Easo plazatik abiatu da ibilbidea eta hainbat geldialdi egin dituzte. San Jose ikastetxearen parean, horietako bat. Izan ere, garai hartan San Jose aterpea zena, emakumeentzako espetxe gisa erabili zuten. 12 atxilo-gune prestatu zituzten hirian. Ehunka herritar atxilotu zituzten, asko eta asko salaketa faltsuengatik, edo besterik gabe, militarrei aurre egiteagatik. Atxilotu horietako gehienak ez ziren sekula euren etxeetara itzuli, eta euren familiek gerora jakin zuten gorpuak non zeuden. Asko izan ziren familiei libre utzi zituztela esan, eta “paseo bat ematera” eraman zituztenak. Urteetara jakin zuten Hernanin hobiratuta zeudela, fusilatuak izan ondoren.
Maria Kristina hotelean ere egin dute geldialdia. Bertan egon ziren gotortuta militar nazionalak, eta parean, Viktoria Eugenia Antzokian, berriz, milizianoak. Elkarri tiroka aritu izanaren aztarnak oraindik agerian daude luxuzko hotelaren hormetan.
Asko izan ziren militarrei aurre egiteko antolatu ziren herritarrak. Amarako erresistentzia taldea, esaterako, altxamendu faxista gelditu eta Loiolako kuartelean errenditzea lortu zuena. 1936ko uztailaren 18tik irailaren 13a arte iraun zuen gatazkak Donostian, baina ondorengo errepresioa are latzagoa izan zen.
Izuaren izuaz, donostiar askok alde egin zuten hiritik. Itzuli zirenean ez zuten ez etxe eta ez negozio, guztia galdu zuten. Kasu askotan baita seme-alabak ere, asko izan baitziren badaezpada atzerrira, Errusia, Ingalaterra edo Belgikara bidali zituztenak. Askok ez zituzten gehiago ikusi.
Pasarte gogorrak dira, baina ez gerra bera edo errepresio faxista bezain gogorrak. Oroimen historikoa gordetzeko antolatu dituzte gaurkoa bezalako saioak. Lekukontzen bidez, gertuko historia ezagutzeko.
Gaur arratsaldean egingo dute bigarren ibilbide gidatua, 18:00etan, gazteleraz. Aurrerago, berriz, uztailaren 30ean, abuztuaren 6, 13, 20 eta 27an; eta irailaren 3, 10, eta 17an. Egun bakoitzeko bi saio egingo dituzte: 12:00etan, euskaraz, eta 18:00etan, gazteleraz. Lekuak mugatuak direnez, aurrez izena eman behar da Komakzk.com helbidean.
Erlazionatutako edukiaAltxamendu faxistaren aurkako erresistentzia gogora ekarriko dute