Aiete ikastetxeak bi eraikin izango ditu irailetik aurrera
Hiriko ikastetxeak konpontzen ari dira; 1,2 milioi euro bideratu ditu udalak lan horietarako.
Donostiako Udalak, guztira, 1,2 milioi euroko inbertsioa egingo dute hiriko ikastetxe publikoak egokitzeko. Horietatik, 411.488 euro jaurlaritzaren Udalaguntza programatik jasoko ditu. Hortaz, 800.000 bat euroko inbertsioa egin beharko du udalak.
Irisgarritasunarekin, segurtasun neurriekin eta berritze lanekin zerikusia dute udan egiten ari diren konponketa ia guztiek. Irailerako, kurtso berrirako, prest izango dira guztiak. Altzako Txapinene ikastetxeko patio estaltzea da salbuespen bakarrenetakoa, lan hauek luzeago joko baitute.
Hiru dira Eusko Jaurlaritzaren laguntzetatik kanpo geratu eta udalak bere gain hartuko dituen proiektuak:
Arantzazuko Ama ikastetxean komunak berritu eta saneamendu sarea aldatzen ari dira.
Aiete ikastetxeak, berriz, bi eraikin izango ditu irailetik aurrera: bata orain artekoa, Azkaratene 16an, eta bestea, Arostegi kaleko 1. zenbakian. Azkarateneko eraikinean 2 eta 3 urteko gelak jarriko dituzte, eta hutsik geratuko diren geletan Haurreskolen Patzuergoak kudeatuko duen 0-2 urte bitarteko haur eskola berri bat egokituko du udalak. Beheko solairuan kokatuko dute haur eskola. 108.678 euroko aurrekontua izango du proiektu honek.
Groseko Ategorritxo haur eskolan ere lanetan ari dira. Leku falta dela eta, duten espazioa hobeto antolatu nahi dute. Horretarako, patioa estali eta eraikinaren parte bilakatuko dute. Irisgarritasuna hobetzeko igogailu bat eta beste hainbat hobekuntza egingo dituzte. Kanpoko jolastokia berrituko dute, eta haur eskolarako sarrera kale mailan jarriko dute.
55 ikasle dituzte Ategorritxoko haur eskolan. Berritze lanekin ez da leku kopurua handituko, baina bai antolaketa.
Ikasturte berrirako ez da, ordea, eraikina prest egongo, eta bitartean Bidebieta haur eskolan hasi beharko dute ikasturtea haurrek. Dena dela, ez da luzerako izango; urrian prest egotea espero dute. Proiektu honek 240.424 euroko aurrekontua du.
Haurrak oporretan daudela, uda sasoia aprobetxatu ohi dute ikastetxeetako berritze eta egokitze lanak egiteko; eta horretan ari dira. Aurten 17 proiektu egingo dituzte, eta horietatik 14k Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza jasoko dute.