Erraustegiaren aurkako protesta jendetsua egin dute
Zubietako erraustegia badatorrela dirudi. Eraikina egin eta kudeatzeko adjudikazio agiriak onartzekotan dira, gaur, GHKren bileran (Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioa). Hori horrela, jendetza bildu da Gipuzkoa plazan, Aldundiaren aurrean, erraustegiaren aurkako jarrera azaleratzeko. Heriotza azaldu da, sega eta guzti, eta ehundaka lagun lurrean etzan dira, maindire zuriekin, hildakoena eginez. Gainera, batzarrerako deia egin du Gipuzkoa Zutik-ek, 19:00etarako.
Urola Erdiko mankomunitateko presidentea da Aitor Bereziartua, EH Bilduren ordezkaria; eta bilerara sartu aurretik onartuko direnak salatu ditu. Horretaz gain, maiatzaren 6ko batzarrari jarritako helegitea onartu dietela jakinarazi du. Helegitea azkeneraino joango balitz, bilera hartan hartutako erabakiak baliogabetu egingo lirateke.
Protestan bildutakoek salatu dute erraustegia egiten badute, toxikoei aurre egiteaz gain, diru publikoa xahutuko dutela: “Ez dago kopuru zehatzik, baina 1.000 milioi euroko gastua izan dezakeela diote batzuk. Egingo balitz, hondakinak ez ezik, dirua ere erreko lukete”. Osasunari ere erreparatu diote, eta erraustegiaren 10 kilometroko bueltan heriotza tasak gora egingo duela ziurtatu dute: “Ez dugu guk esaten, medikuek diote, nazioartean egindako hainbat ikerketetan oinarrituta. Gainera, uraren eta elikagaien bidez, oraindik gehiago zabalduko da kutsadura”. Errauste plantaren bidea osatzeko jarraitu dituzten pausoak ere ez direla zuzenak izan aipatu dute: “Gipuzkoa erdia oporretan dago orain”. Lehiaketara aurkeztuko diren enpresengana ere zuzendu dira: “Esan nahi diegu ongi pentsatzeko zer egiten ari diren; eta esleipena sinatuko duzuenok badakizue alternatiba hobeak badaudela”.