Aste Nagusi Pirata aurkeztu dute.
Gerturatzen ari da Aste Nagusia eta “festa gogoz” daude dagoeneko Donostiako Piratak. Gora kai herrikoiak! lelopean ospatuko dituzte aurtengo festak. Jai esparrua aldarrikapenak egiteko ere erabili nahi dute: “Espazio publikoaren erabilera aldarrikatu nahi dugu. Hiritarrok hiria erabili dezagun gauzak antolatzeko, eskaintzeko, biltzeko, hizketarako, jolasteko eta festarako”.
Izan ere, Piratek azaldu dutenez, “kalea ez dago hutsik. Kalea dagoeneko okupatu dute kultura merkataritza bilakatuz, turismo masiboa sustatuz edo proiektu faraoniko eta txikitzaileak eginez aberasten direnek”. Horregatik, aldarrikatu dute kalea eta jaiak “baztertuonak, erasotuonak, bestea ordezkatzen dugunonak eta emakumeonak” direla.
Bestalde, azaldu dute eurek ere “kulturei” garrantzia eman nahi dietela 2016. urtean: “Urte hasieran egindako Herri Kulturen aldeko brindisean azaldu genuen moduan, ez dugu uste kultura bat eta bakarra denik, ez dugu kulturaren monopolizazioan sinesten”. Oraindik Matti eta Ezkila nortzuk izango diren aurreratu ez badute ere, “aniztasun horren erakusgarri” izango direla azaldu dute.
Urtero bezala La Flamenka gunea izango da festaren “bihotza”. Dena den, La Flamenkaz, Nautikoaz, Trinitate Plazaz eta Guardetxeaz gain, aurten Intxaurrondo eta Gros ere festa gune bilakatuko dituzte.
Aurten bi kofradia berri egongo dira Piraten mugimenduan: Jaraneroak eta Eskandalosa. Lehenengoek azaldu dutenez MojitEro festa izango da euren egitarauko osagai nagusia; bigarrenen kasuan, aldiz, ur-jolasak eta Eskandalizatu! jarduera. Ustekabez beterik, “aurreiritziak eta muga pertsonalak hautsi” nahi dituzte.
Aste Nagusiko kontzertuei dagokionez, hainbat talde arituko dira La Flamenka guneko oholtza doinuz betetzen. Horien artean hiru azpimarratu nahi izan dituzte: Gatibu, Adrenalized talde donostiarra, eta azkenik, Fanfare Ciocarlia errumaniar talde ospetsua.
Kontzertuez gain beste zenbait jardueraz gozatzeko aukera egongo da abuztuaren 13tik 21era. Kofradia bakoitzak bere egitarau propioa izango du baina zenbait ekintza batera egingo dituzte. Aurtengo berezitasunetako bat izango da “Bertsopiropoteoa”. Jaien aurretik abuztuaren 6an egingo dute Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolariak lagun dituztelarik. Bertan, kofradia guztiek elkarrekin Donostia “kolorez jantziko” dutela jakinarazi dute.