80 urte dira 36ko gerra hasi eta hainbat herritarrek kolpistei aurre egin zietenetik. Antxon Arizmendi gudari donostiarraren senideek gerra garaian bizitakoa gogora ekarri dute.
Antxon Arizmendik 23 urte zituen militar matxinatuak Donostia hartzen saiatu zirenean. Orain adin bera du bere bilobak, Aitor Rodriguezek (Donostia, 1992). Bere aitonak 1936ko gerran eta gerraostean kontatu zion guztia ongi gorde du bere memorian: «Entziklopedia bat edo film baterako gidoi baterako eman dezake aitonak Aitorri kontatutako guztiak. Haren bizipenak arretaz entzuten genituen, jakinmina pizten bazekien aitak», azaldu du Antxonen alabak, Miren Arizmendik (Donostia, 1956).
Biek parte hartu zuten atzo hainbat ezkerreko eragilek deituta altxamendu frankistaren aurkako erresistentzia gogora ekartzeko egin zuten martxan –Egiako parketik Loiolako kuartelera–. Ibilbidean zehar militar matxinoen aurka borrokatu ziren hainbat donostiarren lekukotzak irakurri zituzten, tartean, euren senide Antxon Arizmendirena.
«Aitari 1936an gelditu zitzaion bizitzaren erlojua», adierazi du Arizmendik bere aitaren memoria gogora ekarri duenean: «Oso gertaera gogorrak bizi behar izan zituen. Donostian borrokatzen hasi zen, eta Santoñan preso hartu zuten arte jarraitu zuen borrokan. Gerra bukatzean, ezin izan zuen Donostian geratu. Giroa itogarria zen. Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan genuen».
Parte Zaharreko gaztea
Parte Zaharrekoa zen Antxon Arizmendi, «Asto kalekoa, orain San Lorenzo deitzen diotena» . Oso familia euskaldunekoa zela, eta auzoko jarduera guztietan parte hartzen zuela esan du Mirenek: «Union Artesanako danborradan ateratzen zen, futbolean jolasten zuen La Esperanza taldean… Sarriegi plazan hazi zen».
Bere familiak ileapaindegi bat zuen Bulebarrean. Politikan bere anaia zaharrarengatik hasi zela dio Mirenek: «ANVko Euzko Indarran hasi zen».
Gerrak ez zuela ustekabean harrapatu uste du bere bilobak: «Euzko Indarrak Parte Zaharrean, Santa Kordan zuen lokala. Ahalik eta arma gehien biltzen hasi ziren. Ez zen gerrarako materiala, gehienak ehizarako armak ziren». Eta kolpearen mehatxua benetakoa bihurtu zen.
Antxon Errenteriako madalenetara joatekoa zen uztailaren 18 hartan, eta bere lagunekin geratu zen Bulebarrean. Kolpearen berri izan eta berehala elkartu ziren hainbat herritar, militar altxatuen aurka egiteko: «Sindikalistak, abertzaleak, komuniastak, anarkistak… Asko eta asko izan ziren ahal zuten guztiarekin borroka egitera joan zirenak. Denak EAJkoak izan ezik, horiek Artzain Onaren katedrala babestera joan baitziren. Errepublikaren alde posizionatu arte ez ziren besteekin elkartu», esan du Rodriguezek.
Sasieta batailoian izan zen Antxon, eta Donostian borrokatu ondoren, Goierrira joan zen. Handikatzera egin behar izan zuten, Hernanira. Han txikitako lagun asko galdu zituela esan dute bere senideek: «Aitonak beti kontatzen zidan gerran ez zuela lurrik zapaltzen, txikitatik ezagutzen zituen lagunak zapaltzen zituela lubakietan».
Bitartean, Donostian faxistek sekulako sarraskia egin zutela esan dute, eta Antxon ezer gabe utzi zutela kontatu dute amorruz: «Familiaren etxera joan ziren anaien bila. Bere amona eta aita zeuden etxean une hartan. Preso hartu, eta Bretxara eraman zituzten; han fusilatu zituzten, gaur egun Bretxan baserritarrek postua jartzen duten lekuan. Batek daki non lurperatu zituzten. Emilio Molak argi esan zuen gerra hasi zenean, ‘Beharrezkoa da izu giroa sortzea, nagusitasun arrastoa utzi behar da gu bezala pentsatzen ez duen oro eskrupulurik eta zalantzarik gabe ezabatuz’, eta hala izan zen».
Marokon preso
Santanderren, «Santoñako traizioan» hartu zuten preso antxon, «Eusko Gudarostean borrokatu zuten ia gehienak hartu zituzten preso han». Handik Asturiasera eraman zuten, presoen kontzentrazio eremu batera, eta handik Madrilgo frontera: «Errepublikazaleen borroka eremuen azpian tunelak egitera behartu zuten. Gerra bukatzean ez zioten etxera itzultzen utzi, Marokoko kontzentrazio eremu batera eraman zuten. Han egon zen, Euskal Herriko albisterik izan gabe. Geroztik ez zuen inoiz Donostiako hondartzarik zapaldu, hondarrak Marokon sufritutako guztia ekartzen baitzion gogora».
Aske utzi zutenenean, egoera «tamalgarrian» itzuli zela esan du Mirenek:«Otsaileko goiz hotz batean heldu zen Donostiara, Afrikako arroparekin. Jendeak izurriduna izango balitz bezala begiratzen zion.
Oraindik ez zekien bere aita eta amona hilda zeudela, ezta etxerik gabe geratu zela ere: «Lagun batek kontatu behar izan zion guztia».
Gerraostea ere «izugarri gogorra» izan zela kontatu du Mirenek: «Nik 7 urte nituenean, 1960. hamarkadan joan ginen Ipar Euskal Herrira. Ezinezkoa zen Donostian bizitzea. Ia astero epaitegira joan behar zuen sinatzera, poliziak beti gelditzen zuen, eta Meliton Manzanasek ere ez zuen pakean uzten. Inork ez zion lanik ematen».
Baionara joan ziren, lasaiago bizitzeko asmoz: «Baina hura ere latza izan zen. Oso oroitzapen txarrak ditut. Ez genekien frantsesez hitz egiten. Eta hemen ‘gorriak’ izatetik, han ‘espainiar gizajoak’ izatera pasa ginen. Espainiar txikia, deitzen zidaten eskolan. Hori bai, ikurrina bat erosi eta jarri ahal izan genuen etxeko egongelan, oso harro».
Mireni begiak bustitzen zaizkio Antxonek ezin izan zuela Donostiara itzuli kontatzen duenean. Aitorrek ardurak eskatu ditu: «Hau guztia gertatu dela esan behar da Hau jakin beharra dago, eta ardurak eskatu behar dira. Zergatik ez da ikastetxeetan irakasten zer gertatu zen?».