Mikel Laboa eta Gladys del Estal zubien arteko aldapa saihesteko bide berriak ez du genero batzordearen oniritzirik lortu. Bigarren ibilbide bat zehaztu du udalak
Loiolako Erriberako herritar gehienek Mikel Laboa zubiko sarreratik hasten den bide hau erabiltzen dute Erdialdera hurbiltzeko. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Inguruneaz gozatzeko leku izateaz haratago, asko dira Egiako parkea hiriko auzo batetik bestera igarotzeko pasabide gisa erabiltzen dutenak. Loiolako Erriberakoak dira horietako gehienak, parkeko bideak Amarara, Egiara edo Erdialdera joateko erabiltzen dituztenak.
Baina Mikel Laboa zubiko sarreratik Amarako sarrerara, hau da, Gladys del Estal zubira doan bidea aldapatsua da, eta hainbatetan eskatu diote Loiolako Erriberako herritarrek bidea egokitzeko udalari.
Eskaera horiek izan zuten erantzuna, eta uda amaieran hastekoak ziren bidea zelaitzen.
Mundaizko hormari itsatsita beste bide bat egitea zen asmoa. Hala, gehienez % 6ko malda lukeen bide bat lortuko litzateke; oraingoak % 17koa du. Horretarako, hogei zuhaitz inguru bota behar zituzten.
Proiektu horrek, ordea,
ez du genero ikuspegia lantzen duen batzordearen oniritzirik jaso, eta atzera bota dute.
Udal proiektu berri guztiak batzorde horrek ikuskatzen ditu orain. Genero ikuspegitik, arrisku egoerak edo arrisku guneak saihestu nahi dituzte, sortu aurretik.
Egiako parkeko bide berriaren kasuan, Mundaiz aldeko sarreran atzeman zuten arazoa. Hasierako 50 bat metrotan trintxera moduko bat sortuko litzateke; irteerarik gabeko bide bat, horma eta hesiaren artean. Bihurgune txiki batek ere ikusgaitasuna mugatuko luke; beraz, udalaren proiektua ez zuten ontzat eman.
Ondorioz,
puntu kritiko bat sortzeko arriskua dela eta, udalak atzera bota du hasierako proiektua. Enrique Ramos Hirigintza zinegotziaren arabera, «dauden gune kritikoak onartu eta konpontzen saiatzea gauza bat da, baina arriskua egonik gune kritiko berri bat sortzeak ez luke zentzurik; hori onartezina da. Beraz, atzera bota dugu hasierako proiektua».
Baina Loiolako Erriberako herritarren eskariak erantzunik gabe gera ez daitezen, bigarren aukera bat onartu dute. Bi sarrerak lotuko dituzte, eta malda zelaituko dute, baina ibilbide berriak bihurgune handi baten moduko bat egingo du zuhaitzen artean.
50 metro luzeagoa izango da bigarren proposamena.
Zuhaitz artetik egingo dute eta maldak ez du % 6a gaindituko. Luzeagoa izan arren, aukerarik onena dela uste du Ramosek.
Dena dela, udal ordezkariak onartzen du erabakia ez dela guztien gustukoa izan, baina “irisgarritasuna lehenetsi dugu, herritar batzuen interesen gainetik”, dio Ramosek.
Uda aprobetxatuz, uztaila bukaeran edo abuztuan ziren astekoak zelaitze lanak. Orain, zertxobait atzeratuko da, baina lehen proiektu hura bezalaxe, urrirako prest egotea aurreikusi du udalak. Bigarren proposamen horrek ez duenez ia zuhaitzik bota beharrik, lanak “errazagoak eta arinagoak” izango direla dio Ramosek.
Ez aldapa, ez adostasun
Parkeko bi sarreren arteko aldapa zelaituko dute, baina proiektu berriak ez du herritarren onespenik jaso.
Loiolako Erriberakoak “minduta” daude udalaren erabakiarekin. Udalak ez duela agindutakoa bete diote: “Denen gustura egitea ezinezkoa da, eta udala ez da sentsibilitate batzuei aurre egiteko gai izan”, dio Dani Fernandezek, auzo elkarteko kideak.
Ez dute uste bigarren aukera hau lehena baino hobea denik. “Urritasun fisikoren bat dutenentzat egokiagoa izango da agian, baina malda igotzeko gai direnek, oraingo bidea erabiltzen jarraituko dute, azkarragoa eta zuzenagoa delako”.
Lehen zatiko balizko arriskuei dagokienez, berriz, alboetako lurra kendu eta zelaituta arazoa desagertuko litzatekeela uste du Fernandezek, baina horretarako borondatea behar omen da: “Zuhaitz bakar bat ikutu gabe bideak egokitzea ezinezkoa da”.
Gainera, proposamen berriak definitzen duen bidea ere arriskutsua izango dela uste du: “Gauez zuhaitz arteko bihurguneek ez al dute beldurtzen; ez al dute arriskurik sortzen?”.
Egia Bizirik auzo elkarteko kideak ere ez daude erabakiarekin ados; ez lehen eta ez orain. Parke izaera ez dela errespetatzen uste dute: “Parkean zementu gehiago eta argi gehiago jartzea besterik ez da”, dio Jose Mari Zendoia Egiako auzo elkarteko kideak.
Errespetatzen dituzte irisgarritasun arazoak dituzten herritarren beharrak, baina eurentzat aukerarik onena pasabidea Mundaiz ikastetxeko lurretatik egitea litzateke. Parkearen hormaren ondoan, baina kanpoko aldean; parkea ikutu beharrik gabe.
Egokitze lanek irauten duten bitartean, Mundaiz ikastetxeko bidetik igarotzeko aukera izango dute herritarrek. “Lanek irauten duten bitartean utzi behar badute, utzi dezatela beti”.