Eraso sexisten aurkako neurriak hartuko ditu udalak. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Udalak, Berdintasun Atalaren bitartez,
festa garaian “areagotzen” diren eraso sexistei aurre egiteko kanpaina bat abiaraziko du. Bestalde, adierazi du “lan guztietan, bereziki eremu pribatuan egiten diren zaintza-lanetan, ardurak banatu eta berdintasunezko portaerak sustatuko” dituela.
Kanpainak bi une nagusi izango ditu: Aste Nagusia eta Euskal Jaiak. Eneko Goia alkateak iragarri duenez, udalak ahalegin berezia egingo du “eraso sexistek lekurik izan ez dezaten, ez Aste Nagusian ezta beste inoiz ere”: “Zoritxarrez oraindik beharrezkoak dira era honetako ekimenak, sentsibilizazioa eta prebentzioa landu behar baititugu oraindik ere”.
Duñike Agirrezabalaga berdintasun teknikariak, berriz, honela adierazi du: “Indarkeria sexista emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik ezaren ondorio larrienetako bat da. Aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ez gara benetako berdintasunera iritsi, eta indarkeria sexista, hain zuzen ere, berdintasunik ezaren adierazpenetako bat da. Egunero ikusten ditugu albistegietan, eta, bereziki, festetan, kasu berriei, hilketei, bortxaketei, erasoei, jazarpenari eta abarri buruzko berriak. Eta, gainera, badakigu gertatzen denaren ehuneko txiki bat dela, oraindik ere oso kasu gutxi ateratzen baitira argitara”.
Aste Nagusiko ostegun eguerdian eraso sexisten aurkako ekitaldi “bateratu” bat egingo dute Udaleko terrazan. Bulebarrera ematen duen balkoian pankarta jarriko dutela ere jakinarazi dute. Bestalde, Duñike Agirrezabalagak adierazi du udalak, aurreko urteetan bezala, liburuxkak eta txapak banatuko dizkiela gazteei: “Funtsezkoa da gazteak sentsibilizatzea era honetako erasoei aurrea hartzeko, eta begirunea eta berdintasuna oinarri izango dituzten harreman-eredu berriak eratzen joateko modua ere bada”.
Erasoen aurkako hainbat neurri:
Uztailean antolatutako autodefentsa feminista ikastaroa positiboki baloratu du udalak eta, jakinarazi dute urrian berriro egingo dutela. Bestalde, “erasoen eta indarkeria sexistaren aurrean zer egin jakiteko jarraibideak jasotzen dituen liburuxka bat banatu dute postontzietan” eta “gida zehatz bat” banatu diete Dbuseko gidariei eta taxi gidariei.
Azkenik jakinarazi dute, indarkeriaren aurkako ekimenei buruzko informazioa, pegatinak eta abar egongo direla honako egunetan: Abuztuaren 15ean, portuan 12:00etatik 15:00etara; eta abuztuaren 17an Bulebarrean 17:00etatik 20:00etara.