Tabakalerako horman egin duten irudia. (Argazkia: Donostiako Udala)
Saharako herriaren egoera “gogorarazteko” mural bat egin dute Tabakaleran. Egitasmoan parte hartu dute Polisarioaren ordezkari batek, Oporrak Bakean programako haurrek, euskal dantza talde batek, abeslari saharar batek, eta Jon Landa irudiaren egileak.
Nestor Basterretxea plazan dago udalak ezarri duen murala, Tabakalerako sarreraren aurrean. Asmoa, “Saharar herriak 40 urte erbesteratua daramala gogoraraztea” dela azaldu dute: “Duela hamarkada batzuk loturak eratu zituen Donostiak Saharar herriarekin”.
Honela adierazi du Duñike Agirrezabalaga lankidetzako zinegotziak: “horma irudi hau bitarte dela, arreta erakartzeko dei bat egiten du Donostiak, Saharako herriaren kausa inork ez ahazteko eta haien lurretan bakean eta aske bizitzen utziko dien erreferendum libre eta demokratiko bat behar dela aldarrikatzeko”.
Horma irudia emakume saharar baten formatu handiko erretratua da; Javi Julio argazkilari donostiarraren argazki batetik atera dute.