Hitzarmenaren aurkezpena. (Argazkia: Donostiarra arraun elkartea)
Lankidetza hitzarmena sinatu dute Donostiarra arraun elkarteak eta Casa Aramendia gozotegiak. Oraingoz, 2016 denboraldirako sinatu dute hitzarmena, baina “beste hainbat urtetarako luzatzeko proiektua” dagoela azaldu dute.
Lankidetza horren adierazgarri bezala Casa Aramendiaren logoa “jadanik traineruaren brankan” ageri dela esan dute. Gainera, jakinarazi dute bazkideek hainbat abantaila izango dituztela bertan.
Bazkide berriak erakartzeko kanpaina abiarazi du Donostiarra arraun elkarteak: “Bazkide kantitatea handitzea du helburu klubak, bere oinarri sendoenetako bat baita, eta kanpaina honen xedea izango da lehendik bazkide direnek bazkide berriak lortzea”. Horregatik, Casa Aramendian bazkide eskaera egitean, “kamiseta bat eta inglesito bat jasoko dute bazkide berriek”, eta aurretik bazkide zirenak Martin Berasategin eskainitako afari baten zozketan parte hartuko dute.
Azkenik bi ontzien ibilbidea azpimarratu nahi izan dute. A traineruko Joserra Mendizabalek azaldu du “helburu nagusia ohorezko txandan sendotzea eta play-offa jokatzeko aukera izatea” zela: “Hasieran izandako zalantzak uxatuta, bi helburuok lortu dira oraingoz, eta play-offerako bigarren postua borrokatzea izango da denboraldiaren azken txanpa honetan helburua; Kontxan paper ona egitea ahaztu gabe, noski”. B traineruko Garikoitz Azkuek, berriz, nabarmendu du “formazio lana” dela B traineruaren xedea: “Bide horretan lan txukuna egin da, sailkapenean 6. postuan izanda, eta hirugarren postu on bat ere lortu da estropada batean”.