Antiguako Ainhoa Mujika, tortilla irabazlearekin batera. (Argazkia: Lide Ferreira)
Miramar jauregia hamarnaka hiritarren jakien erakusleiho bilakatu da gaur eguerdian. Izan ere, urtero legez antolatzen den patata tortilla lehiaketa egin dute, 200 parte hartzaile ingururekin. Horietatik 50 sukaldaritzaren munduko zenbait adituk dastatu eta aukeratu dituzte, ondoren epaimahaikideen –Pedro Subijana, Juan Mari Arzaak, Berasategi eta Hilario Arbelaitz– ahotatik pasa zitezen.
Luze jo du lehiaketak: ilara handia sortu da patata tortillak aurkezteko, eta azken unean iritsi diren batzuk ere aukera izan dute parte hartzeko. Azkenean, sukaldari profesionalek erabaki bat hartu eta 195 zenbakia zuen tortilla saritu dute; Antiguako Ainhoa Mujikarena, hain zuzen ere. “Egia esan, ez ditut tortilla asko egiten, baina lagun baten ekimenez parte hartu dut aurten, eta begira!”, esan du pozez irabazleak. Antiguakoak tipula eta piperra jarri dizkio tortillari, eta horiek gutxinaka egin behar direla adierazi du. Kuadrilla osoarekin joan da lehiaketara, baina eskuratu duen saria –bi pertsonentzako Kanariar Uharteetarako bidaia– bere mutilarekin gozatuko duela aitortu du.