GuraSOSi arrazoia eman dio epaileak, eta atzera bota du aldundiaren errekurtsoa
Berria
Donostiako Epaitegiak deituta, epailearen aurrean izan dira gaur Gipuzkoako Foru Aldundia eta GuraSOS elkartea. GuraSOSek eskari bat aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian, Zubietako errauste plantaren eraikuntzan parte-hartze prozesu bat irekitzea eskatzeko. Eskaerarekin batera, 15.000 sinadura aurkeztu zituzten. Aldundiak ezezko erantzuna eman zion, eta GuraSOSek errekurtsoa jarri zuen, oinarrizko eskubideak babesteko prozedura berezia erabilita. GuraSOSen errekurtso horri errekurtsoa jarri zion aldundiak.
Gaur, GuraSOSi arrazoia eman dio epaileak, eta atzera bota du aldundiaren errekurtsoa. Elkarteak zortzi eguneko epea izango du auzi eskea egiteko.
Auzitegian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren abokatuek azaldu dute parte hartzeko eskubide hori ezin dela “modu kolektiboan” erabili, eskubide “indibiduala” delako. GuraSOSek azpimarratu du “oinarrizko eskubidea” dela, eta gogorarazi du “erakunde moduan erregistratuek” eska dezaketela eskubidea, foru arauen arabera. Auzitara jo aurretik, GuraSOSek Herritar Entitateen Foru Erregistroan eman zuen izena, foru arauak eztabaidan parte hartzeko aukera aitortu ziezaion.
Herritarren babesa
GuraSOSek deialdia egin zuen, auzitegian agertzeko ordua gaur zutela jakitean. Herritar andana bildu da auzitegiaren ingurura, errauste plantaren eraikuntza bertan behera uztea eskatzeko. Aurretik egin izan dituzten zenbait protestatan bezala, zuriz jantzita joan dira haurrak, eta beltzez helduak. Lanean jarraituko dutela nabarmendu dute: “Eztabaida gizarteratzea lortu dugu behintzat”.
Abuztock jaialdia
GuraSOSek Abuztock jaialdia antolatu du irailaren 4rako. “Herritarrak eta haien oinarrizko eskubideak auziaren erdigunean jartzea” aldarrikatuko dute Donostiako Miramar jauregian egingo diren ekitaldi horietan. GuraSOS elkartea duela hiru hilabete sortu zen, arduratuta daudelako zer osasun ondorio izango lituzkeen seme-alabengan eta, oro har, gipuzkoar guztiengan Zubietan egin nahi duten erraustegiak.