Irati Urkiola: 'Garenaren esentzia'
Irati Urkiola, La Flamenkatik
Ajeak eta korronteak noraezean dabiltzala jarraitzen dugu Flamenkatik. Koadrilen arteko jolasetan batzuk, bihurrikerietan hainbat, eta auzoei giroa eman nahiez besteak. Igaro ditugu hainbat gau eta egun ero, baina baliteke festa giroaren oihartzuna Santa Klarara ere iritsi izana. Festatik ihes egin nahi, baina ezinean zabiltzalakoan gaude hemen, Markel.
“Festak bere baitan darama memoria”. Zenioen irakurri nizun azken gogoetan, eta beharra ikusi dut ideia testuratzea. Igaro dugu ere askok “¿Cuándo son los piratas?” galdera zentzugabekoarekin adierazi izan nahi duten Abordatzearen ekintza. Gazteleraz, bai, horrek agerian uzten duelarik goikoek isilarazi nahi duten dena. “Memoria galtzen hasiak ez ote garen, ordea”, idatzi zenuen gogoeta berean, eta memoria ezabatzeari ekin ez ote dioten, gehitu nahiko nioke nik hemen.
Goizeko bostetatik bolondres lanetan gabiltzan piratok, baina, argi dugu zertarako Abordatzea, zertarako hainbesteko lana, zertarako abordatu Donostia. “Memoriak errotzen gaitu”. Gutxi batzuek diseinatutako hiri eredua abordatu nahi dugu, postaletako plastikozko hiria eraldatu, eta herritarrona egin. Eta festa dugu horretarako tresna. Ez dezagun, beraz, galdu esentzia, memoria ,eta finean, garena.
Astelehenekoa igarota, eta piratak asteleheneko “jai” hori baino askoz gehiago garenez, jarraitu dugu festan ametsei bide eginez. Sardiñerrian izan ginen atzokoan gizarte patriarkalaren arauak dantzan jartzen. Libre. Gune aske eta seguruetan gozatzen. Garena izanez, nahi duguna sortzen.
Eta berriz ere, korronteak bagaramatza Flamenkara. Santa Klara urrun ikusten dugu hemendik, batzuek hura inguratzen duten uretan gauaren eroa bustitzen badute ere. Ez zaitzatela zu gehiegi zipriztindu!