Eneko Goia alkateak Aste Nagusiaren inguruko lehen balorazioa egin du gaur. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostiako Aste Nagusiaren lehendabiziko egunak “ondo joan dira”,
Eneko Goia alkatearen ustez. Azpimarratu du ez dela gertaera larririk izan, eta hiritarrei dei egin die, adi egoten eta jaietan parte-hartzen jarraitzeko, “ondo hasi dena ondo buka dadin”. “Hiritarren parte-hartzea jaietako jardueretan oso handia izaten ari da, eta gainera, ez da gertaera larririk egon, ezta eraso sexisten gaineko salaketarik ere”, esan du Goiak.
Donostiako Udalak Aste Nagusiko ohiko hamaiketakoa egin du jaien erdian, hain zuzen ere, jaietan lanean diharduten eragileei eskerrak emateko eskainitako hamaiketakoa.
Era berean, Donostiako alkateak
nabarmendu du iaz baino jende gehiago dabilela Aste Nagusian Donostian: “Nabaria da egun hauetan jende kopuru handia dagoela, iaz baino gehiago. Eta horrela erakusten dute, garraio publikoaren erabiltze-kopuruaren, turismo bulegora informazioa eskatzera doazen pertsona-kopuruaren eta hotelen okupazio-mailaren datuek”.
Eneko Goiak gaineratu du jaietako lehendabiziko egunean
95.000 erabiltzailek erabili zutela garraio publikoa – 2015ean, egun berean, 75.000 izan ziren –. Hotelen okupazioa %95-ekoa dela eta 50.000 pertsonek eskatu dutela informazioa hiriko turismo bulegoetan.
Azkenik, jaien alde egindako lana eskertu die Aste Nagusia ondo joateko lanean diharduten udal-zerbitzuei, boluntarioei eta eragile guztiei eta jaien azken txanpa ondo amaitzeko opa die donostiarrei.